Berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako jolas eremuak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 19a, 14:49

Berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako kalitatezko harreman eta esperientziak ikasi eta eraikitzeko asmoz, patio inklusiboak eraiki ditu udalak Landaberri Garaikoetxean, eta Sasoeta Zumaburun. Itxita egon dira orain arte, horiek kokatuta dauden lur eremuetan landatu duten belarra haztea ahalbidetzeko. Udaleko ordezkariek azaldu dute, ordea, datorren astean erabilgarri egongo direla

Landaberri Garaikoetxea eta Sasoeta Zumaburu ikastetxeetako haurrek jolas eremu berriaz gozatu ahal izango dute datorren astetik aurrera, ikastetxean; patio inklusibo bana eraiki die udalak. Definizioz eskola patio inklusiboa da jarduerak eta espazioen banaketa berdintasunezkoagoak diren harremanak trukatzeko diseinatuta dauden jolas eremuak. Bizikidetza nagusituko den patioa bilatu nahi du udalak horiekin, sexua, adina, sexu orientazioa, gaitasunak eta genero adierazpena kontuan hartu gabe.

Horien helburua, berriz,  ikastetxeko haur guztiek beren intereseko jolas jarduerak aurrera eraman ahal izatea da, hezkidetza ikuspegi inklusibo batetik. jolasteko espazioak eta uneak sortuz; hala azpimarratu du Zerbitzuetako zinegotzi David Mateosek. Gaineratu du egungo eskola patioen egitura eta diseinua ez direla bilakaera pedagogiko horren eskutik joan: "Kirol mugatuak egiteko asfaltozko gune bakar bat eskaintzera mugatu dira, gehienetan, pilotekin edo baloiekin lehiatzeko jokoetarako erabili dituzte". Egoera horren ondorioz, erabilera ez dela bidezkoa ohartarazi du, rolak, botere harremanak eta jarrerak sortzen dituelako, genero kulturen definizioa eta mutilen eta nesken arteko desberdintasunak indartzen dituztenak, eta, aldi berean, ikasle inaktiboenak bazter uzten ditu. 

Ikastetxeetako jolas eremu arruntek gizarte harremanak gertatzen diren ingurune fisikoak hartzen duten garrantziaz ere mintzatu da: "Pertsonek espazioak eraikitzen dituzte eta espazioek pertsonak. Haien diseinuak baldintzatu egiten ditu elkarrekin bizitzeko moduak. Espazioen konfigurazioa ez da neutroa". 

Ikastetxeko espazio fisikoari dagokionean esan du horrek harremanen eta ikasleen egoteko moduen, espazioen banaketaren, jokoaren kontrolaren eta azpiegituren erakusgarri direla. Hala, gaineratu du espazio inklusiboek aukera ematen dutela berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako kalitatezko harremanak eta esperientziak ikasteko, jolasteko, mugitzeko eta eraikitzeko.

Ildo horretatik, eskola inklusiboa garatzeko Eusko Jaurlaritzaren esparru planak biltzen dituen ardatz estrategiko objektiboak zeintzuk diren ere azaldu du Mateosek: "Baliabide eta espazioen bidezko erabilera sustatzea. Eremuen banaketak eta erabilerak eta ingurune editorialaren antolaketak ere zeregin garrantzitsua dute balio eta arau sozialen transmisioan. Horregatik, beharrezkoa da espazioak eta baliabideak modu orekatuan erabiltzea". Jaurlaritzarekin egindako lankidetza horri esker, gainera, egungo baliabide publikoak optimizatu ahal izan direla ere jakinarazi du, administrazio bakoitzak egindako ahaleginak ahalik eta errentagarrien bilakatuz. 

Gauzak horrela, Sasoeta ikastetxeko patioak 84.458, 10 euroko kostua izan du guztira, eta Garaikoetxeak, berriz, 83.023,45 eurokoa. Orotara, beraz, 167. 481,55 euroko (BEZ barne) ordaindu ditu udalak. Dena den, arestian aipatutako esparru planari esker, diru kopuru horren %90 berreskuratu ahal izango du Lasarte-Oriako Udalak. 

Lortuko direnak

Patio inklusibo horiei esker, eskuratuko diren lorpenen berri ere eman du udalak; hauek lirateke:

  • Osasuna eta Ingurumen Hezkuntza: Naturalizatuagoak diren espazioak, hala nola, babes klimatikoak, berdeagoak, itzaldunak, naturarekiko harremana. 
  • Inklusibitatea: Jarduera ludiko, sortzaile eta jolas libre eta partekaturako erronkak dituzten espazioak, ikasle guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten.
  • Berdintasuna: Berdintasunezko harremanak sustatzen dituzten espazioak, jolas aukerak dibertsifikatuz eta gatazkak modu positiboan kudeatuz, haurrak jolasean zaindu eta dibertsifikatzeko gai izango dira.
  • Ikaskuntza soziala: Eskola barruan eta kanpoan komunitatea egiteko erabilera ludiko desberdinak emango dituzten espazio komunitarioak, auzo hezitzaileetan ekipamendu ireki gisa.

 

Ikasle, ikastetxe eta familiengandik espero diren emaitzak 

Ikasle guztiek eskola patioko espazioa har dezaten lortzea espero du udalak, "emakumezkoena eta inaktiboena barne". Horrekin batera, eskolako patioa okupatzen den bitartean jolasteko eta mugitzeko aukerak handitzea eragingo duela ere uste du. Horrez gain, ikasleen jabetza sentimendua eta ongizatea areagotzea ekarriko duela ere bai, eta jarduera handitzean, ikasleen osasuna eta garapen kognitiboa hobekuntza baita ere. Azkenik, eta ikasleei erreferentzia eginaz, horien garapen emozional onari lagunduko diola ere espero du. 

Ikastetxeei dagokienez, berriz, patioak hezkuntza leku gisa berreskuratzea nahi du udalak, horiek tresna pedagogiko gisa erabiliz. Familiekiko harremanak sendotzea ekarriko duela ere espero du, eta, halaber, gatazka egoerak murriztea eta erabilera desberdinetarako leku egokiak sortzea. Horrez gain, ingurunearen parte hartzea, jabetzea eta errespetua erraztea eta biodibertsitate handiagoko eta dinamikoagoak diren espazioak sortzea modu iraunkorrean, urtaroko ziklo naturalak behatzeko. 

Azkenik, familiei erreparatuz, jolastokia eskola orduetatik kanpo elkartzeko eta sozializatzeko leku erakargarritzat hartzea nahi du erakundeak, eta aeskola ordutegitik kanpo erabilili eta erabiltzaile desberdinak sustatzea ere.