Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen eskaerak aho batez onartu ditu korporazioak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 19a, 16:41
Udal korporazioko kideak atzoko saioan, EZLko langileak parean dituztela.

Gai mamitsuak jorratu dituzte apirileko udalbatzarrean: HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, merkataritza bonuak eta baita bi kolektibok aurkeztutako mozioak ere: osasungintza publiko eta kalitatezkoaren aldekoa bat eta udalaren etxez etxeko zerbitzuko laguntza zerbitzuan (EZL) lan egiten dutenena bestea. 

Gaur eguerdirako mobilizazio bat iragarrita zuten EZLko langileek baina bertan behera utzi dute beraien eskaerak aho batez onartu dituelako udal korporazioak. Hitzartutakoa betez gero, zerbitzu hori erabiltzen dutenek 15 euro ordainduko dituzte orduko (gaur egun 19 euro pagatzen dituzte eta enpresa pribatuen prezioa 16,5 eurokoa da) eta langileei soldatak eguneratuko dizkie udalak, KPIaren arabera. Aurten prestatuko dituzten pleguetan jasoko dituzte neurri horiek. 

EZL zerbitzuko langileek mendekotasuna duten adineko pertsonei euren ingurune naturalean bizitzen jarraitzeko laguntza ematen diete: "Zaintzak garrantzi berezia izan behar du", argudiatu dute beharginek. Horrekin bat etorri dira alderdiak eta denek bozkatu dute baietz. Elkarrekin Lasarte-Oria Puede alderdiko bozeramaile Miguel Angel Tolosak esan du udalak ezin diela bizkarra eman langile horiei: "Babestu egin behar dugu egitasmo hori: batetik, herritarrek ahalik eta zerbitzu onena jaso dezaten, eta, bestetik, langileek baldintza duinak izan ditzaten". Ildo beretik mintzatu da EH Bilduko kide Oihan Agirretxe, esan baitu "tresna estrategikoa" dela. Edonola ere, ohartarazi du Lasarte-Oriako zerbitzua "egoera larrian" dagoela, adibide bat jarrita: "65 urtetik gorako 4.860 pertsona bizi dira gure udalerrian. Hernanin, adibidez, 4.356 dira. Bada, bertako EZLko langileek 52.000 ordu lan egiten dituzte, eta, hemengoek, 16.191,5". 

Osakidetzako zuzendaritzarekin bildu

Herritar batzuek eratu berri duten Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde (LOOPA) plataformarena izan da jorratu duten beste mozioa. Osasungintza publiko eta kalitatezko bat helburu erakunde ugari interpelatzen ari dira horren alde lan egitera, alor horretan eskumen gehiago ala gutxiago izan. Gure herriko osasun zentroaren eskumenak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak eta Eusko Jaurlaritzarenak diren arren, eragileak uste du Lasarte-Oriako Udalak ere baduela zeregina, eta, ildo horretatik, korporazioari honakoa eskatu dio: bil dadila Osakidetzako zuzendaritzarekin eta egoerari aurre egiteko talka plan bat martxan jartzeko eta kudeatutakoaren berri emateko gero herritarrei.

Proposamen horiek ere aho batez onartu dituzte. EAJren bozeramaile Jon Antxordokik azaldu du ez daudela mozioaren zioarekin "guztiz ados", baina jeltzaileei "guztiz bidezkoak" iruditzen zaizkiela udalari eskatutakoak. EH Bilduko kide Sandra Barkaiztegik azpimarratu du udalaren zeregina dela profesionalek "baldintza onetan" lan egiten dutela eta herritarrek "arreta egokia" jasotzen dutela zaintzea. 

HAPO plana eta bonuak

Egitasmo garrantzitsua da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO), txosten horretan bildu dituztelako datozen pare bat hamarkadetako udalerriaren ezaugarriak hirigintzari dagokionean. Mahai gainera eraman dutena da proiektu hori behin-behinean onartu ala ez eta aurrera egin du proposamenak EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Aurka egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek; abstenitu egin da PP.

Horren ostean, tokiko establezimenduetan erabiltzeko bonuen oinarriei heldu diete zinegotziek. Ia aho batez onartu dituzte baseak baina botoa azaltzerakoan ñabardurak egin dituzte alderdi batzuek. Hala, Antxordokik adierazi du datorren urterako erronka Aterpea merkatarien elkartea "erakartzea" dela. "Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandez saiatu dela badakigu, ea 2025erako lortzen dugun". EH Bilduk ere egitasmoa babestea erabaki du "tokiko merkatariak sustatzeko ekimen garrantzitsu bat" delako. Edonola ere, baditu horri buruzko "kezka eta zalantza batzuk", Uxue Loinazek azaldu duenez: "batetik, ez dira islatu Aterpearen proposamenak, eta, bestetik, aurreko urteetan bonuak ez dira kudeatzeko errazak izan dendarientzat. Espero dugu aurten arazorik ez izatea". Bestalde, koalizio subiranistak uste du erosketa txartelenak "tokiko merkataritza sustatzeko plan estrategiko baten barruko ekimena" izan behar duela, ez "kanpaina soil bat".