Binakako berdinketa izan zen Jubenilen derbian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 18a, 11:30

Lasarte-Oriako futbol taldeek jardunaldi berria izan zuten hilaren 13an eta 14an. Michelin kirol guneko zelaian ikusi ahal izan ziren neurketen artean, nabarmentzekoa da Jubenil I. mailako Ostadar B eta Texas Lasartearra CF taldeen arteko derbia. Igoera faseko lehen itzuliari binako berdinketarekin eman diote amaiera

Bi taldeak gogotsu atera ziren zelaira eta hasieratik neurketa borrokatua izango zela iragarri zen. Baloiaren jabetza eskuratzeko lehia handia izan zuten jokalariek eta aurkariaren eremura iristeko hainbat saiakera egin zituzten bi taldeek.

Ostadarrek jaso zuen fruitua eta 1-0 markagailuan aurreratu zen Gorka Arzallusen golari esker.

Texas Lasartearrako gazteek ez zuten amore emango, ordea; gogor saiatu eta talde urdin-beltzeko defentsa haustea lortu zuten. Markel de los Mozosek banako berdinketa markagailuan jarri zuen.

Berdinketak indarrak eman zizkion talde zuri-urdinari bigarren zatiari begira eta Ander Mosqueroren golak, gainera, Texas Lasartearrari lasaitasun pixka bat eman zion.

Baina talde urdin-beltzak ez zuen esku hutsik amaitu nahi neurketa eta Jon Barrantesen bitartez, binako berdinketa eskuratu zuen. 

Azken minutura arte, garaipena izan zuten bi taldeek buruan. Lehia estua izan arren, markagailu ez zen mugitu eta puntu banaketa izan zen jubenilen derbian.

Txapelketa ezberdinak

Jubenil I. Mailako taldeak denboraldiko bigarren fasean daude eta lehia ezberdinetan daude murgilduta. 

Texas Lasartearra eta Ostadar B taldeak, aipatu moduan, igoera dute jokoan. Bigarren multzoan ari dira lehian eta egun Antigua Luberri dago buru (15 p.). Atzetik ditu talde lasarteoriatarrak; Texas Lasartearra bigarren (10 p.) dago sailkatua eta Ostadar B hirugarren (8 p.) da.

Bestetik, Ostadar C taldea kopa lehiatzen ari da; Kotkas D izan du aurkari lehiaketako bosgarren jardunaldian eta horrek ere, binako berdinketa eskuratu du. Egun bigarren multzoko sailkapenean laugarren da.