Eguzki Areto Futboleko taldeak txapelketa ezberdinetan ari dira lehian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 17a, 15:30

Eguzki Areto Futbol elkarteko taldeetako batzuk oraindik lehen fasean badaude ere, bada Gipuzkoako Liga edo kopa jokatzen ari den talderik. Denetarik emaitzak izan zituzten azken jardunaldian

Arkupe Rehabilitaciones taldeak porrot gogorrarekin hasi du denboraldiko azken txanpa. Oiartzun I. Mailako bigarren sailkatua izan zuen aurrez aurre eta aurkariak bere nagusitasuna erakutsi zuen lehen minututik. Etxeko taldeak ezin izan zuen era egokian aurre egiten asmatu eta 1-10 amaitu zen neurketa. Argazki galerian, neurketako irudiak daude ikusgai.

Gazte mailako taldea ere lehen fasea amaitzear da. Hilaren 13an, Donostiako Aldapeta ikastetxeko C taldearen aurka neurtu zituzten indarrak Eguzki Bodegas Ayesako gazteek eta bina berdindu zuten.

Eta taldeko infantilek bi jardunaldi besterik ez dituzte falta fase erregularrari agur esateko. Azken neurketan, Laskorainen aurka 2-4 galdu zuten gaztetxoek.

Kopa eta Liga jokoan

Eguzki ISU Leihoak taldeak kopa lehiaketako bigarren jardunaldia jokatu zuen Irunen, hilaren 12an. Irun Futsal Ganarrari taldeari egin zion aurre Jon Merinoren taldeak eta ederki borrokatu ostean, 0-1 gailendu zen. Ederki hasi du lehia III. mailako taldeak bi neurketa jokatu eta biak irabazi ditu; lehenean 7-0 irabazi zuen Eibar FTren arka.

Eguzki Goxokis Goxua kadete taldea, aldiz, Gipuzkoako txapelketako final erdietarako sailkatu da. Azken jardunaldian Lauburu KE Ibarra Bren 2-1 aurka galdu arren, laugarren postuan amaitu du bigarren fasea. Horri esker, Lauburu KE Ibarra A eta B zein Antiguokorekin batera aurrera egingo du txapelketan. Maiatzaren 18-19eko asteburuan jokatuko dira neurketak eta Donostiako taldea izango du aurkari. Finala hil horretako azken asteburuan jokatuko da.