Intzako pilotariek, denetarik emaitzak txapelketa berrietan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 17a, 15:00

Aste Santu eta Pazko Asteko oporren ostean, Intza KEko pilotariek txapelketa berriei eman diete hasiera eta emaitza ezberdinak izan dituzte lehen jardunaldian

Senior mailako Jon Pello Artetxe eta Haritza Diaz de Gereñu banakako Lau terdiko lehian murgildu dira; Artetxe lehen mailan lehiatuko da eta Diaz de Gereñu, aldiz, bigarren kategorian. 

Artetxek Michelingo kirol guneko pilotalekuan Lapkeko Ibarluzea izan zuen aurkari. Neurketa borrokatua izan zen 13-16a arte, baina lazkaotarrak ederki hartu zion puntua Intzako pilotariari eta 13-22 izan zen azken emaitza. 

Diaz de Gereñuk, aldiz, ezin izan zuen ezer egin Eibarko Conderen aurkako neurketan; Eibartarra nagusi izan zen hasieratik eta 22-9 amaitu zen lehia.

Bakarkako lehian ari da Itsaso Iparragirre ere. Infantil mailako Emakumezkoen Gipuzkoako txapelketan Lapkeko Arratibel izan zuen aurrez aurre Michelin kirol guneko pilotalekuan. Ederki borrokatuta 2-1 (8-7, 3-8 eta 4-3) gailentzea lortu zuen Lasarte-Oriako gazteak.

Binaka lehian

Elkarteko gaztetxoek, aldiz, Udaberri sariari egingo diote aurre. Infantil 2. mailan hiru bikotek parte hartuko dute  2. mailan bi eta 3. mailan bat, baina bakarrak jokatu du jardunaldia hilaren 13an, 2. mailako Intza 1 bikoak. Alde Zaharra 1en aurka neurtu zituzten indarrak Markel Lopezek eta Oier Jauregik eta nagusi izan ziren, 18-1. 

Alebin 2. mailan, aldiz, bikote bakarra osatu du herriko elkarteak (Iker Garcia eta Lier Garmendia). Sariko lehen neurketan Ziotza izan zuten aurkari etxean. Nahiz eta Intzako kideak ederki jardun, zizulkildarrek 10-16 irabazi zuten norgehiagoka.

Argazki galerian, Itsaso Iparragirre eta alebin 2. mailako pilotarien norgehiagokak ikusgai.