Ostadar Inklusioa taldeko Xuban Santin Zagreben izan da lehian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 17a, 11:00
Javi Camacho prestatzailea eta Xuban Santin, lehiaketan. Arg.: Ostadar Inklusioa.

World Boccia Challenger txapelketa lehiatu da martxoa eta apirila bitartean, Zagreb, Kroazian. Espainiako selekzioko kideak izan dira bertan lehian eta horietako bat izan da Ostadar Inklusioa taldeko Xuban Santin hernaniarra. Santin bere entrenatzaile Javi Camacho lagunduta debuta egin du selekzioarekin nazioarteko proba horretan.

BC2 mailan lehiatu zen talde urdin-beltzeko gaztea eta A multzoan Robert Mezik eslovakiarra, Josef Žabka txekiarra eta Moroz Andrii ukrainarra izan ziren bere aurkariak.

Ezin izan zuen bigarren fasera aurrera egin. Camacho prestatzaileak azaldu duenez, nazioarteko lehia batean estreinakoz jokatzeak eragina izan zuen gaztaren jardunean: "urduri zegoen, txapelketaren maila oso altua zen eta bere sentsazioak ez ziren oso onak; ezin izan zuen bere jokorik onena garatu".

Emaitza alde batera utzita, World Boccia Challenger proba nazioarteko lehiak ezagutu eta esperientzia eskuratzeko aukera ederra izan zela nabarmendu du Ostadar Inklusio taldeko ordezkariak.

Espainiako txapelketa

Baina ez dira lehiaketak amaitu eta hilaren 20an eta 21ean, Zagrebeko arantza kentzeko aukera paregabea izango du Santinek; Gazte mailako Erkidegoen arteko Espainiako Boccia Txapelketa lehiatuko du, Valladoliden. Ez da bakarrik izango, ordea; Markel Uzquiano talde kide andoaindarrak ere parte hartuko du.