BTT festa handia izan zen Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 16a, 13:45

Eguraldia lagun, goiz pasa ederra egin zuten BTT zaletuek Lasarte-Orian, hilaren 14an. BTT Rural Kutxa Lasarte-Oria probak Askatasuna parkearen inguruak txirrindulariz bete zituen goiz osoan zehar

Lehen orduan ilara egon zen Mertzero gunean dortsala eta maillota jasotzeko eta ordua iritsi ahala taldean, bikoteka edo familian irteera puntura gerturatu ziren 350 bat parte hartzaileak e-bike (txirringa elektrikoa) edo bizikleta gainean. 

Umore ona nagusi, kirolariak Andatza eta Buruntza mendietatik zeharreko ibilbideak egiteko prest zeuden. Herritarren animoen artean, irteera eman eta erronkari aurre egiteko erritmo ezberdinak egongo zirela ikusi zen.

Mendietako bide eta aldapak gaindituz, ibilbide motza, ertaina edo luzea burutu zuten parte hartzaileek. Hipodromoko zubitik herrira sartu eta Askatasunaren parkeko helmugako zuzengunean herritarrek txalo artean jaso zituzten tantaka iristen ziren kirolariak. 

Eta helmuga igarota, parte hartzaileek saria jaso, photo callean argazkia atera eta indarrak berreskuratzeko aukera izan zuten Patxi Larrañaga harategiko txistorrarekin, besteak beste.

Antolatzaileak pozarren daude hamahirugarren edizio honek izan duen harrerarengatik eta eskerrak eman nahi dizkiete parte hartzaile, babesle zein laguntzaile guztiei.