Hilaren 9tik 13ra aurrera eraman dute aurtengo Spain Skills. Agirresaroberen irakasleek azpimarratu dute ez dela makala izan gazteak egin duen lana, lehiaketa horretara "ongi prestatuta iristeko". Unibertsitateko ikasketak uztartu ditu txapelketarako egin beharreko lanekin, asteburuak horretarako erabilita. Iazko Eusko Skills irabazi zuenean poltsikoratu zuen estatu mailako ekimen horretan jarduteko txartela.
Ikaslearen ibilbidea
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu eta berehala izena eman zuen Usurbilgo Lanbide Eskolan, zehazki, Instalazio Elektriko eta Automatikoak erdi mailako zikloan. Hori gainditu ostean zentro horretan jarraitzea erabaki eta Automatizazio eta Robotika Industrialeko goi mailako zikloa burutu zuen. Gaur-gaurkoz Mondragon Unibertsitatean egiten ari da Elektronika Industrialeko Ingeniaritza gradua.
Hilabeteotan egindako lana eta Spain Skills lehiaketan parte hartzeko ilusioa ez dira alferrikakoak izan eta Agirresarobe bigarren izan da Kontrol Industrialeko espezialitatean. Horrez gain, bere jarduna balioan jarri dute lehiakide, epaile, irakasle eta senideek. "Topikoa izan arren, txapelketa hauetan guztiek irabazten dute: trebetasunak garatzeak aukerak sortzen ditu eta pertsonak gizartearekin konektatu. Etorkizuneko enplegu abaguneekin lotzen dituzte ikasle gazteak".