Atari zabaleko dantzaleku bilakatu dute Okendo plaza

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 13a, 20:30

Musika elektronikoaren gune bilakatu da zabalgunea dozenaka herritarrentzat. Ekimenak aurrera egin ahala gero eta gehiago izan dira musikak erakarritakoak. Jarduera Dantz kultur marka eta proiektu laborategiak Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean antolatu du eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultur Sailaren eta Keler-en laguntza izan du.

Ama Brigitarren komentu aurrean egin zuten estreinakoa eta Oriara bidaiatu zuen iaz, Brunet Enea parkearen paraje zoragarrira. Ondare artistikoa eta historiako musika elektronikoarekin uztartzea xede duen egitasmoa erdigunera bueltatu da, topaleku ohikoenera, Okendo plazara. 

Arratsaldeko 18:00etatik gauerdira bitartean house, deep, techno house eta beste estilo batzuetako musikaz gozatu eta haien erritmora dantzatzeko parada izan dute bertaratutakoek. Nahasketa mahaian sei artista aritu dira, Rubio B2B Paolo Solo, Furonia B2B Lila, Kapitaina eta Jonfer, eta haien aurrean gero eta jende gehiago biltzen joan da saioak aurrera egin duen heinean. 

 

Erlazionatuak