Astelehenera arte dute herritarrek Oporrak Bakean egitasmoan izena emateko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 13a, 08:00

Uda bateko besarkada lelopean, haur sahararrak familietan hartzeko Oporrak Bakean programa martxan jarri dute eta Lasarte-Orian ere buru-belarri ari dira lanean. Aurtengo erronka iaz baino haur saharar gehiago ekartzea izango dela adierazi dute Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeko kideek. Izena emateko azken eguna hilaren 15a da, astelehena. Proiektuari buruz informatzeko bilera bat aurrera eraman zuten hilaren 11n, Mirentxu eraikineko aretoan.

Uztail eta abuztuan zehar 8 eta 12 urte arteko haurrak Saharako udako baldintza gogorretatik aldentzeaz gain, beraien elikadura eta osasuna hobetzen dute eta osasun azterketak egiten dizkiete, besteak beste. Herrialde horretako gatazka politikoa ahaztu, sasoia indartu eta beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen diete. Horrez gain, hizkuntza berriak ikasten dituzte eta bizitza osorako lagunak egin, baita bigarren familia bat ere.

Uda honetan saharar haur baten harrera familia izan nahi dutenek elkartearekin harremanetan jartzeko bide hauek dituzte: www.oporrakbakean.eus webgunea, oporrakbakean@gmail.com helbide elektronikoa edota 696 01 47 86 telefonoa.

Xedea, 300 haur ekartzea

Oporrak Bakean egitasmoaren antolatzaileek adierazi dutenez, "urte asko" igaro dira ume sahararren lehen taldea Euskal Herrira etorri zenetik uda igarotzera. Urtez urte kopuruak aldatu egin badira ere, zehaztu dute 300 haur ekartzea dela haien helburua. "Gaztetxoei harrera egitea inoiz baino beharrezkoagoa da". 

Premiazko ongietorri horren arrazoietako batzuk hauek dira: umeak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea (50 gradu baino gehiagoko tenperaturak, haize ekaitzak...), osasuna hobetzea elikadura orekatu baten bidez, oinarrizko osasun azterketak egitea, errefuxiatuen kanpalekukoa ez den beste errealitate eta kultura bat ezagutzea edota hemengo herritarrak Mendebaldeko Sahararen egoeraz sentsibilizatzea, bi gizarteen arteko harremana sustatuta.