Denboraldiko lehen Dantz Pointa aurrera eramango dute larunbat honetan, hilak 13. Lasarte-Orian egingo den hirugarrena izango da, eta oraingoan, Okendo plaza hartuko du musika elektronikoa eta tokian tokiko ondarea uztartzen dituen jaialdiak. Jokin Telleria (Lasarte-Oria, 1981) herritarra da ekimenaren sustatzaile eta arduraduna, eta berarekin hitz egin du TXINTXARRI-k horren gaineko informazioa biltzeko. Eguraldi iragarpenak aldeko, egitasmo ederrean parte hartuko dute bertaratzen direnek; gonbita zabaldu die herrikide eta bertatik kanpo bizi direnei: "Anima daitezela etortzera". Informazio osoa nahi duenak, elkarrizketa hau irakurtzearekin batera, antolatzaileen sare sozialak ere kontsulta ditzake, besteak beste, @dantzmusik Instagram kontua.
Noiz eta nolatan erabaki zenuten Dantz Point egitasmoa martxan jartzea?
Donostian aurrera eraman genuen jaialdi batekin abiatu zen, 2017. urtean. Hor ikusi genuen musika elektronikoa oso zentzu zabalean ulertzen dugula eta aukera asko ematen dituela ekimen oso ezberdinak egiteko, eta, noski, gizartean inpaktu ezberdinak eragiteko ere bai.
Euskal Herriko ondarean arreta jarri, eta ohartu ginen oso interesgarria izan zitekeela hori musika elektronikoarekin uztartuz ekimenak aurrera eramatea, hau da, formatu berriak lantzea. Gauzak horrela, 2019. urtean lehen frogak egin genituen; lehena Zarauzko skate parkean egin genuen, eta bigarrena, berriz, Donostian, Urgullen.
Lehen aldi horien ostean lehertu zen COVID 19aren pandemia, eta, garai horretan, DantzPoint dIgitalak aurrera eraman genituen. Dronekin eta kamara ezberdinekin grabatutako emanaldiak jarri genituen ikus-entzuleen eskura, eta erantzun ona izan zuten, asko kontsumitu ziren. Arantzazun, Loiola santutegian edota Donostiako San Telmo museoan grabatutako saioak izan ziren.
Esan dezakegu, pandemiatik indarturik irten zela proiektua, eta horri eutsiz, Gipuzkoan eman genion jarraikortasuna. Horrekin batera, Europako proiektua ere iritsi zitzaigun; izan ere, Europak diru laguntza nahiko potoloa eman zigun, gisa horretako proiektuak garatu eta aurrera eramateko. Oso aukera ona izan zen, hasieratik gure estrategia hori zelako, hau da, hemen hasi, baina beste eremu eta herrialdetara ere zabaltzea gero.
Hori hala izanik, aurten inoiz baino DantzPoint gehiago egingo ditugu, eta eremu eta leku ezberdinetan ere bai. Oso pozik gaude; oso ondo funtzionatzen du, eta uste dut publikoak faltan botatzen zuela horrelako esperientzia bat, gauetik aldenduz eta egunean zehar egindakoa.
Lasarte-Orian, aurtengoarekin, hiru espazio ezberdinetan aurrera eraman dugu Dantz Point. Egia da, aurreko aldiak egin diren lekuekin alderatuta aurtengoa ohikoagoa izan daitekeela, baina Okendok ere badu bere historia. Brunet Enea parkean egin genuen iazkoa, eta Brigitarren komentu aurreko espazioan lehena. Hori nahi dugu, musika elektronikoa eta herriko ondarea uztartuz, jendeak herria ezagutzea.
Musika elektronikoa oso zentzu zabalean ulertzen dela aipatu duzu. Uste duzu badituela, nolabait, konnotazio jakin batzuk? Zuek saiatzen zarete, horiez gain, jendeak beste begirada batetik begira diezaion musika estilo horri, hau da iruditeria horri berri batzuk gehitzen.
Euskadin ibilbide bat izan du musika elektronikoak. Diskoteka asko egon dira, La ruta del bacalao ere existitu zen. Horiek elektronikaren iruditerian oso txertatuta egon dira. Guk, modu oso genuinoan, ez dugu begirada hori bazter utzi nahi, baina gure elektronika sentitzeko modua erakutsi nahi dugu. Orain arteko ikuspegi horrekiko ezberdina den zerbait eskaintzen dugu, eta jendeak hori antzematen du. Errazena edo ohikoena litzateke edozein klubetan emanaldiak egitea, baina guk, nahiago dugu eskaintza kulturalagoa egin.
Okendo plaza, agian, ezagunagoa izan liteke publikoarentzat. Ekimenak leku horretan antolatzea ohikoagoa da, baina, espazio horrek ere badu bere historia.
Bai, eraldaketa handia izan duen plaza da. Gainera, Dantz Pointa aurrera eramateko modua ere ezberdina izango da. Ez da ohiko oholtzarik izango; musikariak lurrean, publikoarengandik oso gertu egongo dira eta horiek ere hain ohikoa ez den beste eremu batean kokatuko dira; balkoiaren azpialdean. Okendo den bezala ikusiko da, zentzu horretan ez dugu ezer aldatuko.
Aurtengo aldiak, gainera, izango du berrikuntzarik. Formakuntza saiotxo bat eskaini duzue.
Bai. Hori ere bada aurtengoaren helburuetako bat. Jendea formakuntzara gerturatzea nahi dugu, jakin dezaten zer den musika nahastea edota sesio bat egitea. Musikarien emanaldien aurretik izango da: 16:00etatik 17:30era. Bertan aritzeko izen ematea egin behar izan dute interesdunek, eta oraindik ere bada horretarako aukera info@dantz.eu helbidera idatzita. Askotariko adinetako jendeak egin du inskripzioa; 10 urteko neska gazte batek eta bere amak, adibidez, eta jende helduagoak ere bai. Momentuz, gainera, gizonezkoek baino emakumezko gehiagok eman dute izena, eta hori oso interesgarria iruditzen zaigu.
Aurtengo jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan emakumezkoen parte hartzea sustatzeko nahi eta asmoa ere agertu zenuen. Oraindik ere, musika elektronikoaren eremuan gizonezkoen parte hartzea handiagoa da?
Bai, hala da. Guk objektiboak diren datuei begiratzen diegu. Euskal Herrian, adibidez, musika elektronikoaren munduan dabiltzan artistei erreparatuz gero, gizonezkoak dira gehiago. Gu ez gara hori gertatzearen zergatietan sartzen. Egoera horren aurrean, ordea, guk egiten duguna da emakumeen parte hartzea sustatzeko erremintak euren eskura jarri, formakuntzaren bidez. Hemen ez daude akademia asko. Gizonezkoek, askotan musika pintxatzen duten lagun gehiago izaten dituzte inguruan, eta bide horretatik hasten dira lehen pausoak ematen. Gerta daiteke emakumeek erraztasun horiek ez edukitzea, eta, gu saiatzen ari gara horretan laguntzen, formakuntzaren bidez. Ikusten dugu emaitzak ematen dituela; gure akademian izena ematen dute.
Beraz, formakuntza emateko akademia ere baduzue.
Bai, akademia ere badugu eta formatu ezberdinekin lan egiten dugu. Lehena, zuzenean publikoarekin aurrera eramaten duguna da, klase partikularrak edo talde eskolak aurrera eramaten ditugu gure egoitzan.
Horrez gain, udalekin elkarlanean antolatzen ditugun DantzPoint ekimenak egiten ditugu, eta, hirugarrenik, eta azkenik, ikastetxeetan ere egiten dugu lanketa. Badago aldundiak sustatzen duen Kultura Eskola izeneko ekimen bat, zeina artea eta kultura-ondarea ezagutzeko nerabeei zuzendutako egitasmo bat den. Bertan parte hartzen dugu, bai produkzio (musika nola sortu) eta DJ moduan aritzeko saioak ematen ditugu eta biniloekin nola pintxatu ere irakasten dugu.
Lasarte-Orian hirugarren aldia izango da asteburu honetakoa. Zer-nolako erantzuna izan dute orain artekoek? Eta zer-nolakoa espero duzu asteburu honetakoaz?
Orain artekoen feedback-ak izugarriak izan dira; oso ondo funtzionatu dute biek. Lehenengoa, lehena izanagatik ezezagunagoa izan zen alde horretatik. Brigitarren komentu aurrean egin genuen, espazio oso ezberdin batean, baina oso erantzun ona izan zuen. Bigarrenak are arrakasta handiagoa izan zuen; Brunet Enean, erdigunetik aldenduta dagoen eremuan izanagatik jende asko bertaratu zen. Eta asteburu honetan aurrera eramango dugunari begira jarrita, espero dut orain artekoetan jendetsuena izatea. Kaskoan izateak ere lagunduko du horretan, eta, noski, denboraldiko lehen Pointa izateak ere bai. Eguraldiaren iragarpena ere ona da, beraz, hori ere alde izango dugu.
Herriko jendeaz gain, ikusten duzu ingurukoetatik ere etortzen direla?
Bai. Guk badugu nolabaiteko komunitate bat. Hori gure jaialdietara-eta etortzen da, eta horiek ere gurekin izango dira. Lasarteoriatarrak eta herritarrak ez direnak espero ditugu.
Eta musikarien artean, herritarrak ere bai.
Bai, badaude bizpahiru artista herritarrak direnak; gainerakoak donostiarrak dira, baina, Lasarte-Oriarekin nolabaiteko lotura ere badute. Guztiek ezagutzen dute elkar, askotan aritzen dira Siglo XXn. Rubio, adibidez, Zarautzen bizi da, baina lasarteoriatarra da, eta Paolo Solo ere bertakoa da.
Bertako eta inguruko artistei aukera emateari garrantzia ematen diozue.
Bai, noski. Egitasmoaren helburua bertako ondarea ezagutze da, baina baita bertako artistak balioan jartzea ere. Protagonista horiek ez dute urtean zehar aukera askorik horrelako ekimenetan aritzeko. Espazio gutxi daude eta sektore hau nahiko kaltetua dago, zailtasunak daude, beraz, horrelako jaialdi batean parte hartzea sekulako aukera da horientzat guztientzat