Ohorezko kadetea Terres d'Ebreko nazioarteko txapelketa (ITE-DV7) jokatu zuen, La Rapita herrian. Iaz kadete mailako zilarrezko mailako garaikurra jaso zuen herriko taldeak eta aurten ere lehen postuetan egon da; urrezko mailako hirugarren sailkatu da.
Tortosaren aurka irabazi, L'Hospitalet F-rekin berdindu eta Tarragonako selekzioaren aurka galduta Urrezko faserako sailkatu ziren herritarrak. Final zortzirenetan Tarragonako selekzioa izan zuen berriro aurrez aurre eta arantza kentzeko aukera izan zuen talde urdin-beltzak, 0-1. Final laurdenetan Lasarte-Oriako taldeak neurketa zirraragarriena jokatu zuen L'Hospitalet B-ren aurka; penaltietan erabaki zen Ostadarrek (3-2) egingo zuela aurrera. Final erdian, berriz, L'Hospitaleteko lehen taldea izan zuen aurrez aurre. Nahiz eta lehen zatian katalanen erasoei ongi eutsi –atsedenaldira aurkako 1-0ko emaitzarekin joan ziren–, bigarren zatian nagusi izan zen arerioa eta 5-0 amaitu zen neurketa.
Bestalde, errendimenduzko alebin, infantil txiki zein handi eta kadete 1. mailako neska zein mutil taldeek Salouen Costa Dourada Cup txapelketa borrokatu zuten eta bertan ere lan ederra egin zuten Lasarte-Oriako taldeek.
Infantil txiki eta alebin mailako gaztetxoek lortu zituzten emaitzarik onenak. Infantilek Tarragonako Constantiren aurka jokatu zuten finala. Ezin izan zuten saria herrira ekarri, ordea; 4-1 galdu zuten. Txikienak, aldiz, finalerdietara iritsi ziren eta Añorga KKEk kendu zien finalera iristeko aukera; 5-0 gailendu ziren añorgatarrak.