Oporrak Bakean egitasmoari buruzko informazioa emango dute gaur, Mirentxun

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 10a, 12:36

Uda honetan haur sahararrak etxean hartuko dituzten edo Oporrak Bakean programan parte hartzera anima daitezkeen familientzat bilera informatibo bat deitu du Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak. Gaur izango da, 18:00etan, Mirentxu eraikineko aretoan.

Uda bateko besarkada lelopean, haur sahararrak familietan hartzeko Oporrak Bakean programa martxan jarri dute eta Lasarte-Orian ere buru-belarri ari dira lanean. Aurtengo erronka iaz baino haur saharar gehiago ekartzea izango dela adierazi dute Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeko kideek. Izena emateko azken eguna hilaren 15a da, astelehena.

Uztail eta abuztuan zehar 8 eta 12 urte arteko haurrak Saharako udako baldintza gogorretatik aldentzeaz gain, beraien elikadura eta osasuna hobetzen dute eta osasun azterketak egiten dizkiete, besteak beste. Herrialde horretako gatazka politikoa ahaztu, sasoia indartu eta beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen diete.

Uda honetan saharar haur baten harrera familia izan nahi dutenek elkartearekin harremanetan jartzeko bide hauek dituzte: www.oporrakbakean.eus webgunea, oporrakbakean@gmail.com helbide elektronikoa edota 696 01 47 86 telefonoa.