Udalaren etxez etxeko zerbitzuko langileek euren egoera ezagutarazi dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 10a, 12:25

Udalak orain arte eskatutakoari entzungor egin dionez, etxez etxeko laguntza zerbitzuan beharrean aritzen diren langileek bizi duten egoera gizarteratzea erabaki dute. Gauzak horrela, gaur goizean Andatza plazako azokara igo dira eta informazio orri batzuk banatu dituzte. Besteak beste, eskatzen dute plegu berrietan soldata igoerak jasotzea eta 2018tik izoztuta dagoen Kontsumo Prezioen Indizea eguneratzea. 

Serveo enpresak kudeatzen du gaur egun Lasarte-Oriako etxez etxeko laguntza zerbitzua (EZL). Bertako komiteak (UGT, LAB eta ELA sindikatuek dute ordezkaritza horretan) salatu du egitasmo horretara erakundeak bideratzen duen aurrekontua ez dela nahikoa eta horrek beharginen soldatetan ondorioak dituela, enpresa berean lan eginda ere ez dutelako berdin kobratzen. "Eibarrekoek, adibidez, Lasarte-Oriakoek baino diru dezente gehiago jasotzen dute lan berbera egiteagatik". 

Zerbitzu horren plegu berriak aurten prestatu behar ditu udalak. Txosten horretan langileen datozen urteetako soldata igoerak jasotzea eskatu dio komiteak eta baita diru partida zehatz bat sartzea aurrekontuan, 2018tik izoztuta dagoen Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) eguneratzeko negoziazioari ekiteko. 

Zerbitzuaren kostu erreala

Komitean ordezkaritza duen UGT sindikatuko kideek azaldu dutenez, udalak kostu erreala behar bezala ez kalkulatzeak zenbait ondorio izan ditzake, hala nola, kalkulu ekonomikoak oker egitea. "Langileak kaltetuko lituzke horrek, zerbitzua adjudikatzen zaion enpresak ezingo dituelako beharginen kostuak estali". Ildo horretatik, jakinarazi dute Lasarte-Orian aritzen diren langileek "behin eta berriro" eskatu diotela Serveori euren baldintzak Eibarreko beharginenekin parekatzeko; enpresak ezetz esan die, Lasarte-Oriako Udalaren aurrekontuko dirua aski ez dela argudiatuta.

Horrez gain, EZLko langileek galdegin diote udalari zerbitzua erabiltzen dutenei "zentzuko prezio bat" kobratzea, lan berbera merkeago eskaintzen dutenengana joan ez daitezen. "Enpresa pribatuei 16,50 euro pagatu behar dizkiete erabiltzaileek orduko eta udalak 19 euroren truke eskaintzen du. Erakundeak zerbitzua emateari uztea ekarriko du horrek". 

Esan bezala, langileetako batzuk Andatza plazan izan dira arestian aipatutakoa herritarrei azaltzen. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen harira udal gobernuko kideak ere bertaratu direla baliatuta, haiekin hitz egin dute. Datozen asteetan ekintza gehiago aurrera eramango dituztela iragarri dute beharginek.