Aitor Manso gidariak denboraldiko lehen txapela jantzi du Opakuan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko apirilaren 10a

Aitor Manso, Opakuako podiumeko gorenean. Arg.: Aitor Manso.

Opakuako igoera jokatu zen hilaren 6an, Agurain, Araban. Aitor Manso herritarrak Joseba Iraolak hitzordura huts egingo zuenaren jakitun, Aiatik Andatzarako igoeran 9. mailako garaipena errepikatu eta sailkapen orokorreko txapela ere jantzi nahi zuen. Alabaina mendiko igoeren txapelketako bigarren proban 42 gidari izan ziren irteera puntuan eta aurkariez gain, herritarrak arazo mekanikoei ere egin behar izan zien aurre sari nagusia etxera eramateko

Entrenamenduetan saioa ongi hasi zuen herritarrak eta lehen saioan marka onena egin zuen. Bigarren saiakera ezin izan zuen guztiz jokatu, ordea; palierra hautsi zuen.

Arazi mekanikoa konpondu ostean, lehen txanda kronometratuari aurre egin zion Lasarte-Oriako gidariak eta bigarren denbora onena egin zuen; lehena 10. kategoriako Miguel Gutierrez kantabriarra izan zen zazpi hamarrenengatik.

Azken igoeran bere gogo eta ibilgailuaren gaineko ezagutza guztiak jarri zituen jokoan eta eguneko markarik onena sinatu zuen Mansok. Horri esker, sailkapen orokorreko eta 9. mailako garaikurrak jaso zituen lasarteoriatarrak.

Pozarren da herritarra lortutako garaipenarekin, baina argi du Iraolaren hutsuneak eman diola podiumeko gorenera igotzeko aukera. 

Euskadiko txapelketako hurrengo jardunaldia maiatzaren 11n jokatuko da Gorlan, baina data horietan Espainiako txapelketan lehiatuko dela aurreratu du herritarrak, Fitoko igoeran (Asturias), hain zuzen ere. 

Aitor Manso, Opakuako igoeran lehian. Arg.: Aitor Manso.