Ostiral eguerdian ezagutarazi dituzte BTT Rural Kutxa Lasarte-Oria probaren nondik norakoak. Aurten ere, iazko arrakastaren ostean, probak 350 parte hartzaile izango dituela jakinarazi dute antolatzaileek. Askatasunaren parketik abiatuko da, eta Andatza eta Buruntza mendietatik zehar hiru ibilbide egingo dituzte txirrindulariek: motza (28,5 km eta 727 metroko desnibela); ertaina (35,5 km eta 937 metroko desnibela); eta, luzea (45 km eta 1.220 metroko desnibela).
Anoa guneak eta bestelako zerbitzuak
Ibilbidean zehar, hiru anoa gune izango direla ere iragarri dute, eta horietako bitan, Inguru Bikesek laguntza teknikoa eskainiko duela ere azaldu dute. Laugarren eta azken anoa gunea, berriz, helmugan topatuko dute BTT zaletuek. Azken horretan dastatu ahalko dute Patxi Larrañaga harategiko txistorra, besteak beste.
Horrez gain, bizikletak garbitzeko gunea ere izango dute parte hartzaileek helmugan, eta Maialen Chourraut kiroldegiko dutxak erabiltzeko aukera ere izango dute, 14:30ak arte. Photocall bat ere izango da helmugan; horrela, hala nahi duenak bere parte hartzearen oroigarri gisa argazki bat ateratzeko aukera izango du.
Dortsal eta Maillot bilketa
Dortsalak eta maillot banaketa apirilaren 13an, larunbatarekin, egingo dute Urbil merkatalguneko Eroskin. 10:30etik 13:30era izango da hori, eta probaren egunean bertan ere izango dute parte hartzaileek horiek eskuratzeko aukera, nahiz eta bezperan jasotzeko eskera egin duten antolatzaileek. Hilaren 14an, 7:30etik 8:30era joan beharko dira txirrindulariak Antonio Mercero gunera.