Lasarte-Orian duela 64 urte sortu zen Texas Lasartearra C.F. elkarteak "ilusio handiz" antolatu du I. Benjamin Texas Lasartearra Txapelketa. Lehen edizio honetan, hamar klubetako benjamin mailako taldeek parte hartuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek; entrenatzaile eta jokalarien artean "berrehun bat pertsona" izango direla aurreikusi dute. Jardunaldia goizeko 09:00etan hasi, eta 20:00ak arte luzatuko da. Ordutegi hori kontuan izanik, jokalari eta entrenatzaileek Michelingo frontoian bertan bazkaltzeko aukera izango dutela ohartarazi dute.
Gainera, Texas Lasartearra C.F. elkarteak "gizartean eragina duten ekimenak bultzatzeko apustuan aurrera egin nahi duela" azaldu du. Gauzak horrela, datorren ekainaren 8rako I. Emakumezkoen Texas Lasartearra Txapelketa egiteko asmoa agertu du; benjamin, alebin eta infantil kategoriatako neskei zuzendutako kirol jarduera izango da, "emakumezkoen futbola errealitate bat dela aldarrikatzeko festa eguna". Hala, herriko kirol elkarte horrek, Izan Inurri elkartearekin duen elkarlanari ere egin diote azpimarra; laguntza ekonomikoa eman, zein horren ahotsa zabaltzeko lanetan aritzen da Texas.
Iragarritako txapelketa horiek Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean aurrera eramango ditu Texasek. Kirol Zerbitzuetako buru Goizalde Pildainen gidaritzapean, norgehiagoka horietarako instalazio eta material beharrak hornituko ditu erakundeak, horrela, kirol elkarteari, oinarrizko laguntza bermatuz, txapelketak lehen aldi "ezin hobea" izan dezan.