Harrera familiak behar dira, Lasarte-Orian, udan haur sahararrak etxean hartzeko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 3a, 09:15

Uda honetan haur sahararrak etxean hartuko dituzten edo 'Oporrak Bakean' programan parte hartzera anima daitezkeen familientzat bilera informatibo bat deitu du Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak. Apirilaren 10ean izango da, 18:00etan, Mirentxu eraikinaren beheko aretoan. Bertan emango da aurtengo programaren berri

'Uda bateko besarkada' lelopean, haur sahararrak familietan hartzeko Oporrak Bakean programa da eta Lasarte-Orian ere hasi dira egitasmoa prestatzen. Aurtengo erronka, iaz baino haur saharar gehiago ekartzea izango dela adierazi dute Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeko kideek. Izena emateko azken eguna apirilaren 15a izango denez, horren aurretik bilera informatibo bat aurrera emango dutela iragarri dute.

Udako bi hilabete horietan zehar, 8 eta 12 urte arteko haurrak Saharako udako baldintza gogorretatik aldentzeaz gain, beraien elikadura eta osasuna hobetzen dute eta osasun azterketak egiten dizkiete, besteak beste. Herrialde horretako gatazka politikoa ahaztu, sasoia indartu eta beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen diete.

Uda honetan saharar haur baten harrera familia izan nahi dutenek elkartearekin harremanetan jartzeko bide hauek dituzte: www.oporrakbakean.eus webgunea, oporrakbakean@gmail.com helbide elektronikoa edota 696 01 47 86 telefonoa. Apirilaren 15a da izena emateko azken eguna.