Dantz Point egitasmoak apirilaren 13an abiatuko du aurtengo denboraldia Lasarte-Orian. Dantz kultur marka eta proiektu laborategiak Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean egingo du 2024ko lehen Dantz Point-a, 18:00etatik aurrera.
Okendo plazan aurrera eramango dute aurtengoa, herriko "epizentroan". Plazaren izenak Donostiako Okendo almiranteari eta haren familiari egiten dio ohore, historikoki herriarekin oso lotuta egon baitzen. Enparantza 1960an inauguratu zuten, eta gaur egun bertako biztanleen topaleku, jolasleku, kontzentrazio gune, jaien hasiera toki eta gainerako ospakizunendako espazioa da. Horrela, Dantz Point-aren bidez, "herriko ondare historikoa balioetsiko da". Era berean, 2022an Brigitarren komentuan garatu zen Dantz Point-ari jarraipena emango dio aurtengoak; 1675ean Miguel Antonio de Okendok eraikitako santutegian gauzatu zenari, alegia.
Programazio artistikoari dagokionez, lau saio izango direla jakinarazi dute antolatzaileek, horietatik bi kolaborazioak. Guztira sei artista arituko dira: Rubio B2B Paolo Solo, Furonia B2B Lila, Kapitaina eta Jonfer. House, deep, techno house eta bestelako estiloez gozatu ahalko dute bertaratzen direnek.
Jarduera osagarri bat
Musika erakustaldiei hasiera eman aurretik, ordea, "DJing masterclass bat" aurrera eramango dute. Laganten eskutik izango da hori, 16:00etatik 17: 30era. Tailer horren helburua da "abestien nahasketaren alde teknikoa irakastea, publikoa DJingaren mundura hurbilduz". Tailerra garatuko den espazioa datozen egunetan iragarriko da Dantz plataformen bidez, eta parte hartzeko aldez aurretik izen eman beharko dute interesdunek; horretarako honako helbidera mezu bat idatzi behar da: info@dantz.eu.
Aurrez aipatutako guztiaz gain, photocall-a ere izango dela iragarri dute antolatzaileek. 60 eta 70. hamarkadako Okendo plazaren argazki historiko bat izango da irudi nagusia, baina, horrekin batera, enparantzaren beste hainbatek ere osatuko dute hori.
Jarduera hau Dantz-ek antolatuko du Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren eta Kelerren laguntza izango du.