Baina txapelketa ofizialik egon ez arren, Aste Santuko torneo ezberdinak daude martxan eta herriko taldeak lehian ari dira.
Esate baterako, Ostadar SKTko taldeak Tarragona aldean dabiltza. Zehazki, bost talde Salouen daude Costa Dourada Cup txapelketa borrokatzen eta ohorezko kadetea, aldiz, Terres d'Ebreko nazioarteko txapelketan ari da jokoan. Futbolaz eta inguruaz gozatzeko aukera ederra dute gazteek.
Benjamin lehia Lasarte-Orian
Kanpoan ez ezik, Lasarte-Orian ere izango da txapelketarik Pazko astean. Apirilaren 6an zehazki, Texas Lasartearra taldeak antolatuta benjamin mailako I. torneoa lehiatuko da Michelin kirol gunean.
Lasarte-Oriako herrian duela 64 urte sortutako Texas Lasartearra C.F. elkarteak ilusio handiz antolatu du txapelketa hau.
Txapelketaren lehen edizio honetan, hamar klubetako benjamin mailako taldeek –Lengokoak, Añorga KKE, Vasconia, Internacional, Kostkas, Igeltegi, Martutene, Sporting de Herrera, Astigarragako Mundarro eta Antiguoko– izango dira nor baino nor. Entrenatzaile eta jokalarien artean berrehun bat pertsona izango direla aurreikusten da.
Jardunaldia goizeko 9:00etan hasi eta 20:00ak arte luzatuko da eta jokalari eta entrenatzaileek Michelingo frontoian bertan bazkaltzeko aukera izango dute.
Udal Kirol Zerbitzuak, Goizalde Pildain Kiroletako zinegotziaren gidaritzapean, txapelketa honetarako instalazio eta material beharrak hornitu ditu, Lasarte-Oriako kirol elkarte honi, oinarrizko laguntza bermatuz, txapelketak lehen edizio ezin hobea izan dezan.
Gizartean eragina
Elkartasuna ere izango da protagonista; zuri-urdinek Yeray Rodriguez Martin laguntzeko ekimena dela jakitera eman dute; Lasarte-Oriatarrak behar dituen medikuntza tratamenduak jaso ditzan diru-bilketa egitea izango duela helburu nagusi.
Horrez gain, Texas Lasartearra CF elkarteak gizartean eragina duten ekintzak bultzatzeko apustuan aurrera egin nahi duela azaldu du. Horregatik, ekainaren 8an benjamin, alebin eta infantil kategoriatako neskei zuzenduta egongo den I. Emakumezkoen Texas Lasartearra Txapelketa antolatu eta Izan inurri elkartearekin egingo dute elkarlana; laguntza ekonomikoa eman eta euren ahotsa zabalduz.