Artetxe eta Urdanpilleta, Udaberriko Sariko txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 26a, 12:00
Intzako Jon Pello Artetxe eta Peru Urdanpilleta, saria jasotzen. Arg.: J.P. Artetxe

Intza Kirol elkarteko Nagusien 2. mailako bikoak Udaberri sariko finala jokatu zuen hilaren 22an, Antzuolan.  Jon Pello Artetxe eta Peru Urdanpilleta herritarrek Legazpiko Ion Agirre eta Aimar Telleria izan zituzten aurrez aurre. Lasarteoriatarrek 22-15 irabazi eta sari nagusia  eraman zuten

Multzoetako fasean aurrez aurre egonda ziren Intza eta Legazpi, beraz, finala nola jokatu ongi pentsatua zuten. Lasarteoriatarrei jokoa aurrera eramatea komeni zitzaien;  legazpiarrei, aldiz, kontrakoa, atzeaz jokatzea.

Intzako kideek ederki hasi zuten norgehiagoka eta aurrean nola min egin asmatuz 7-2 jarri ziren.

Agirrek eta Telleriak ez zuten amore eman, ordea; lasarteoriatarren pilotari neurria hartu eta bere pilotarekin atzean jokatzen hasi ziren. Intzakoak geldiarazten saiatu arren, aurkariek 13-8 eman zioten itzulia markagailuari.

Baina legazpiarren akats bat baliatuz, bigarren pilota bat atera ahal izan zuten lasarteoriatarrek. Pilota  motelagoa zen eta ongi moldatu zen Intzako bikoa; Legazpia, aldiz, neurketatik kanpo geratu zen. Ondorioz, Artetxek eta Urdanpilletak aurrean jokatzeko aukera izan eta hutsik egin gabe 20-13ra iritsi ziren.

Azken tantoak borrokatuak eta nahasiak izan baziren ere, Intzako bikoak dejada batekin erabaki zuen neurketa, 22-15. Horri esker, sari nagusia Jon Pello Artetxe eta Peru Urdanpilletaren eskuetara joan zen.