Sei neurri "zehatz" proposatu ditu EH Bilduk herriko etxebizitzaren egoera hobetzeko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko martxoaren 19a

Udal gobernua etxebizitza alorrean datozen urteetarako garatzen ari den plangintza ezagutu du EH Bilduk, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) baitan. PSE-EEk eta EAJk gai horretan hartutako ildoak ez dio erantzungo Lasarte-Oriak duen arazoari eta, zentzu horretan, aipatu txosten hori ontzeko prozesua "aukera galdu bat" izan da. 

HAPO planaren ildoa gorabehera, EH Bilduk uste du Lasarte-Oriako Udalak "asko" egin dezakeela herriko etxebizitzaren egoera hobetzeko eta sei neurri zehatz hartzea eskatu dio: azterketa edo diagnostiko "zorrotz" bat egin dezala; tasatutako etxebizitzen prezioa jaitsi dezala (1,88ko indizea onartuta, 75 metro koadroko etxebizitza batek 312.000 euro balio ditu Lasarte-Orian, BEZa aparte); hutsik dauden bizitokiei Ondasun Higiezinen Zergan errekargu eta kanonak aplika ditzala; etxe zahar hutsak berritzeko dirulaguntzak eman ditzala; Kotxeraseko eremuan babes ofizialeko etxebizitzak eraiki ditzala lehen fasean; eta has ditzala Lasarte-Oria eremu tentsionatu izendatzeko tramiteak. 

EH Bilduk jakinarazi duenez, gure herrian 674 etxebizitza daude hutsik gaur-gaurkoz eta horiek erabiltzeko "neurri desberdinak" aplika ditzake udalak.