ESKUTITZA

Medikurik al duzu?

Osasun Publikoaren Aldeko Herritar Taldea 2024ko mar. 15a, 12:43

Ziurrenik zeuri gertatu zaizu edo inguruko bati entzun diozu: anbulategira joateko beharra (ez kapritxo) eduki eta "Ez, ez duzu medikurik" entzun behar. Harrigarria bada ere, milaka omen gara medikurik omen ez daukagun lasarteoriatarrok. Eta kontsulta lortuta ere, zenbat mediku ezberdinekin egokitu zaizu egotea azkenaldiotan? Medikua ezberdina izan da kontsulta bakoitzean? Ez ari gara ez esajeratzen ez asmatzen, gertatzen ari dena adierazten baizik. Posible al da horrela ezinbestekoa den taxuzko ezagutza eta konfiantza mediku eta gaixoaren artean? Eta beti mediku berarekin artatua izateko zoria izan baduzu ere, "Barkatu, gaitz asko dituzu zuk eta kontsulta zerrenda luzea daukat denak artatzeko, gaur bat artatuko dizut; eskatu beste hitzordurik beste gaitzetarako" entzun izan behar duzu agian. Hau guztia kontsulta lortzeko epeak, espezialistetarako itxaron zerrendak, edota larrialdi zerbitzuetan ezagututakoak aipatu gabe. Ez dugu kasuistiketan luzatzeko asmorik, ziur zuetako askok antzeko pila izango baitituzue kontatzeko.

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen Koordinakundearen ustez, hau guztia ez da kasualitatea. Osakidetzaren egungo egoera arduradun politikoek egindako plangintza eta kudeaketa politiko arduragabearen eta negatiboaren ondorioa da. Lobby sanitarioen interes merkantilei jarraituz, osasun-asistentzia pribatizatzeko politika kontziente bat eraman da. Horren adibidea da 15/97 Legea, erakunde pribatuak osasun-laguntzan sartzea ahalbidetu zuenak, egoera larriagotzen lagundu duena. Osasungintzaren pribatizazioa modu zuzenean gauza daiteke, gaixoak klinika pribatuetara edo kontzertatuetara desbideratuz, “peonaden” deitutakoen bitartez edota mutuen eskumenak zabalduz, gertatzen ari den moduan. Baina zeharka ere egin daiteke, lehen arreta ahulduz eta, horrela, baliabide ekonomiko nahikoak dituzten herritarrek aseguru pribatuetara jo dezaten. Eta hau ere ari da gertatzen, bigarren mailako osasun publikoa sektore ekonomiko ahulenentzat utziz.

Lehen Arretaren gainbeherak logika merkantil erantzuten dio argi eta oso garbi, osasuna merkantzia moduan ulertzen duena, ez eskubide moduan. Denok dakigu hobe dela prebenitzea sendatzea baino, dudarik gabe, baina… diru gehiago ematen du sendatzeak prebenitzea baino: botika kontsumo gehiago, analitika eta froga gehiago, espezialista kontsulta gehiago eta klinikako egonaldi gehiago. Esandakoa, etekin gehiago. Eta herritarra eskubide-subjektu izatetik bezero izatera pasatzen da.

Hau guztia kontutan hartuta, Osasun Publikoaren Alde Lasarte-Oriako Plataformatik bat egiten dugu datorren LARUNBATEAN, martxoak 16, Donostian, 17:00etan, Boulebarretik abiatuta, osasun publiko eta kalitatezkoaren alde egingo den manifestazioarekin, eta gonbidapena luzatzen diegu lasarteoriatar guztiei bertan parte hartzeko.

Bide batez, Osasun Publikoaren Alde herrian sortu berri den Plataforman parte hartzeko interesa dutenei gonbidatzen diegu datorren martxoak 21, osteguna, 18:00etan, Kultur Etxeko liburutegiaren ondoko 3. bilera gelan egingo den bilerara.