Eztabaida sakonik ez, hil honetako osoko bilkuran

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 15a, 13:30

Hil honetako ohiko udalbatzarra egin du udal korporazioak ostegun arratsaldean. Gai zerrenda luzea mahaigaineratu duten arren, nahiko azkarra izan da; 50 minutu pasatxoko iraupena izan du. Etxez etxeko zerbitzuko langileez mintzatu dira,  besteak beste, galdera eta erreguen tartean. Esteka honetan ikus daiteke saioa osorik. 

2024ko otsailaren 8an eta 21ean egindako osoko bilkuren akten onarpena eginez hasi du saioa udal korporazioak. 

Alkatetzaren 265/2024 Dekretuaren berri eman dute gero. Horrela, dekretu horren bidez, Kultura batzordeko lehendakaritza Ainara Elicechea Beitia zinegotziari eskuordetzearen berri eman du Agustin Valdivia alkateak. Jakinarazpena eginda, hirugarren puntuari eutsi diote; udalbatzak kide anitzeko organoetan izango dituen ordezkariak izendatzearen alkatetzaren proposamena landu dute. Ez du inolako eztabaidarik sortu, eta bozketa egin dute zuzenean. Aldeko 10 bozkekin (PSE-EE eta EAJ) eta 6 abstentziorekin (EH BIldu, ELOP) aurrera egin du gaiak. 

Lasarte-Oriako hiri garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratua xede duen espedientea esleitu gabe uztea proposatu du udal gobernu taldeak gai ordenako laugarren puntuan. PSE-EEko David Mateosek hartu du hitza, eta, azaldu, lizitazioa martxan egon den legezko epealdian inolako eskaintzarik aurkeztu ez delako proposatu dutela espediente hori esleitu gabe uztea. Horrela, eskaintzak jasotzeko, "egungo baldintza ekonomikoetara eguneratutako pliego berri bat" argitaratzeko asmoa agertu du. Hitzartzea amaituta, bozketa egin dute; hau izan da emaitza: aldeko 10 bozka (PSE-EE eta EAJ) eta 6 abstentzio (EH Bildu eta ELOP). 

Hiri barruko garraio zerbitzuaren kontratazio espedientearen hasiera onartzeaz eztabaidatu dute jarraian. Hainbat zalantza agertu ditu ELOPeko Miguel Angel Tolosak. Horietako hainbat argitu dizkio Zerbitzuetako zinegotzi David Mateosek, eta bozketa egin dute gero. PSE-EEren, EAJren eta EH BIlduren aldeko bozkekin, eta ELOPen abstentzioarekin onartu egin da gaia. 

Aldi baterako kontrataziorako lan poltsak kudeatzeko arautegiaren onarpena mahaigaineratu dute seigarren puntuan. Inolako alderdik ez du hitza hartu, beraz, zuzenean bozketa egin dute. Aldeko 15 bozkekin (PSE-EE, EAJ eta EH Bildu) eta abestentzioa bakarrarekin (ELOP) aurrera egin du. 

Lasarte-Oriako Udalaren lan baldintzak arautzen dituen esparruko 72.2, 89 eta 90 artikuluak indarrik gabe uzteko eskaera egin du jarraian udal gobernu taldeak. Gai hori ere, eztabaidarik gabe, zuzenean bozkatu dute. Hau izan da emaitza: aldeko 10 bozka (PSE-EE eta EAJ) eta 6 abstentzio (EH Bildu eta ELOP).

Arrazionalizazio Plana (erretiroen primak) indarrik gabe uzteko eskaera egin du bederatzigarren puntuan Agustin Valdivia alkateak. Zuzenean bozketa eginda (PSE-EE eta EJren aldeko 10 bozka eta EH Bildu eta ELOPen 6 abstentzio), aurrera egin du gaiak. 

2024ko lanpostu zerrendaren aldaketa onartu edo ez eztabaidatu dute galdera eta erreguen tartea zabaldu aurretik. Gai horrek ere aurrera egin duen arren, saio osoan aurkako bozak jaso dituen lehen puntua izan da. PSE-EE eta EAJ alde agertu dira, baina EH Bilduk eta ELOPek aurka bozkatu dute. 

Bi galdera eta erregu bat

Osoko bilkurari amaiera emateko, ohi bezala, galdera eta erreguak egiteko tartea zabaldu du alkateak. ELOP alderdiko Miguel Angel Tolosa izan da hitza hartzen lehena. Idazkariari galdetu dio lan baldintzen gaineko pliegoei buruz. Ez du ordea, inolako erantzunik jaso, izan ere, alkateak argitu dio idazkariari ezin zaizkiola udal batzarrean galderak egin. Hala, bere bulegora joateko gonbita egin dio, idazkariak bertan erantzungo diola argituz. 

EH Bilduk hartu du hitza gero, eta, galdera eta erregu bana egin dizkio udal gobernu taldeari. Asier Gorostegik galdetu dio ea noiz aurreikusten duen 2024ko diru laguntzen oinarriak lantzea, eta horretarako lan mahairik osatzeko asmorik ote duen. Alkateak erantzun dio oinarriak iazko berak izango direla aurreikusten dutela, beraz, landu, ez direla landuko. 

Esti Garmendiak hitz egin du gero, eta erregu bat egin dio udal gobernu taldeari. Etxez etxeko zerbitzuetako langileen egoera ekarri du mahai gainera, eta, nabarmendu, horiek bizi duten egoera prekarioa. Gaineratu du egoera horrekiko "ardura politiko handia" duela udal korporazioak. Hala, zaintza erdigunean jarriko duen politika egiteko garaia dela ere azpimarratu du. Horrela, gogorarazi du osoko bilkurak laster landuko duela etxez etxeko zerbitzuaren esleipena, eta udal gobernu taldeak aukera izango duela kontratazio horretan bertako langileen baldintzak duintzeko. Itxaropentsu agertu da horrekiko. Bidenabar, etxez etxeko langileei babesa erakusteko ere baliatu du hitzartzea.