Palestinaren alde hartu dituzte herriko kaleak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 15a, 12:00

Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Dinamikak beste mobilizazio bat aurrera eraman du 'Genozidioa gelditu, Palestina askatu' lelopean. Okendo plazatik abiatu da manifestazioa, eta erdiguneko zenbait kale gurutzatu ostean, Kale Nagusian barrera hartu dute itzulerako bidea. Tajamar biribilgunetik Pablo Mutiozabalera hartu, eta Geltoki kaletik egin dute Okendorako bidea.  Bertan, lurrean ikus zitezkeen gorpuak irudikatzen zituzten margo gorriz zikindutako zaku zuriak; horien atzealdean batu dira manifestariak, eta  horietako batzuek kolore gorriko bengalak piztu dituzte. 

Idatzi bat irakurri dute gero; urriaren 7tik gaurdaino Gazako genozidioak utzitako zenbait zifra "beldurgarri" ekarri dituzte gogora: 2.721 sarraski; 30.960 hildako ospitalean; 37.960 hildako eta desagertu; 13.500 haur zauriz hilda, eta abar luze bat. Gaineratu dute, basakeria horiek planifikatutako genozidio sistematikoa, konplizitatearekin ez ezik, mendebaldeko potentzia handien babesa politikoarekin ere gauzatzen ari direla. 

AEBen eta Bruselaren hipokresia salatzearekin batera, Espainiako eta Frantziako gobernuena ere deitoratu dute, baita Eusko Jaurlaritzarena eta Lasarte-Oriako Udalarena ere; azken horri erreferentzia eginez honako adierazpenok egin dituzte: "Duela gutxi, PSE-EEk, EAJk eta PPk udaletxeko balkoian SOS Gaza lemadun jartzen zuen pankarta bat jartzek eskatzen genien mozioaren kontra bozkatu zuten. Lasarte-Oriako Udalean, Palestinaz, Gazaz hitz egiteak gogaitu egiten ditu PSE-EE, EAJ eta PP. Oso eroso daude isiltasun konplizean.  Isiltasun hori, ordea, bonbak eta  lehergailuak bezain suntsitzailea da, baina haien isiltasunaren aurrean gu izango gaituzte, herri duin bat, herri antinperialista eta atisionista, Palestinari buruz hitz egiteari utziko ez diona". 

Palestinar erresistentziaren eta askatasunaren aldeko oihuak eginaz amaitu dute mobilizazioa.