Intzako nagusien bikotea Udaberri txapelketako finalean da

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 13a, 10:06

Pauso handia eman zuen Intzako Nagusien 2. mailako bikoteak hilaren 9an, Michelin kirol guneko pilotalekuan. Murumendiko Leunda-Usabiaga bikotea izan zuten aurrez aurre Udaberri txapelketako finalerdian. Etxeko bikoak borrokatu behar izan zen markagailuari itzulia eman eta saria eskuratzeko. Hilaren 24an Legazpiren aurka jokatuko du finala

Neurketa borrokatua izango zela zirudien lehen momentuetan, bosna berdinduta egon ziren, baina Murumendik neurketaren erritmoa aldatu zuen. Intzako bikoteak ozta egiten zien aurre beasaindarren erasoei eta aurkariak aurre hartu zuten markagailuan. Etxekoak gerturatzen saiatu arren, pixkanaka errenta handitzen joan Murumendi eta 14-8 egotera iritsi ziren.

Murumendi nagusiki gailenduko zela zirudien arren, puntu horretan partidak itzulia eman zuen. Intzako bikoak pilota aldatu eta beasaindarren jokoak gorabehera bat izan zuen. Etxeko taldeak ongi baliatu zuen egoera neurketa berdintzeko (18-18) eta berriro ere indarrak parekatu ziren. 20na zihoazela, Intzako bikoak ongi asmatu zuen eta bi tanto eginez garaipena erdietsi zuen. 

Norgehiagokak bere alde txarra ere izan zuen, ordea; Urdanpilletak min hartu zuen eskuetako batean. Intzako kidea finalerako prest egotea espero dute herriko kirol elkarteko arduradunek.

Finala hilaren 24an izango da oraindik zehaztu gabeko pilotalekuan. Intzako kideek jakitera eman dutenez Michelin kirol guneko pilotalekua eskaini dute. Ziurra den gauza da, Legazpiko Aguirre eta Telleria aurkari izango dituztela; beste finalaurrekoan Intxurre 20-22 garaitu zuen Legazpiko bikoteak.

Infantilak ere lehian

Errendimendu mailan ere hitzordu garrantzitsua du hurrengo jardunaldian infantilen 3. mailako bikoteak, Ekialdeko txapelketako finalerdia.

Unax Urdangarin/Aday Lucero eta Unai Lizarraga gaztetxoek Alde Zaharra 3 bikoaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak sailkapena eskuratzeko. Final hori ere hilaren 24an jokatuko da.