Abiatzear da Lasarte-Oriako Tokiko Energia Komunitatea

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 11a, 15:31

305 herritarrek izena eman dute, momentuz, Lasarte-Oriako Tokiko Energia Komunitatean. Bihar egingo dute bazkideen lehen batzarra; beste zenbait konturen artean, zuzendaritza batzordea osatuko dute

Herriko Tokiko Energia Komunitatea 1.000 erabiltzailerentzat diseinatua dagoen arren, gaur-gaurkoz 305ek eman dute bertan parte hartzeko izena. Horren harira, udalak uste du kopuru hori hazten joango dela TEKa abiatu eta herritarrek horrek dituen  bertuteak ikusten joan ahala. Dena den, azpimarratu dute eskaerarik gabe geratu diren 695 leku horiek bete bitartean, udalak bere hornidurarako erabiliko dituela. 

Gauzak horrela, bihar egingo dute erabiltzaile guztien lehen batzarra;18:30ean izango da hori, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. Bertan landuko duten gai ordena ere ezagutarazi du udalak: 

  1. Jardueraren memoria, orain arte egin dena, aldi baterako batzarra izan den bitartean. 
  2. Zuzendaritza batzordea aukeratzea. Hori osatzeko, 305 bazkide horiek bihar, 12:00ak arte dute aukera euren burua boluntario aurkezteko aukera (mezu elektronikoa bidali behar dute horretarako). Udala (Agustin Valdivia alkatea) izango da talde horretako kideetako bat, bokala, baina beste lau behar dira: lehendakaria, idazkaria, diruzaina, eta bigarren bokala. Boluntarioak aurkeztu ezean, zuzendaritza batzordea osatuko duten kideak zozka bidez hautatuko dituzte. 
  3. Hileko kuota.