'Gelatik plazara' sariketan parte hartzen ari dira Earra bertso eskolako zenbait kide

Txintxarri Aldizkaria 2024ko martxoaren 8a

Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen ekimenak geldialdia egin du gaur Lasarte-Orian. Joan den astean ekin zioten sariketari eta apirilaren 28a bitartean bederatzi kanporaketa jokatuko dituzte. Eskualdekoa arratsaldean aurrera eraman dute Gaztelekuan.

Tokian tokiko bertso eskoletako ikasleek elkar ezagutu eta gela barrutik plazara zubi lana egiteko xedez, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Gelatik Plazara abiarazi zuen iaz. LH4 eta DBH2 maila bitarteko haurrek parte hartuko dute sariketan, tartean, Earra bertso Eskolako kideak.

Arratsaldean aurrera eraman duten Buruntzaldea-Donostialdeko kanporaketan 14 urte bitarteko 32 haurrek parte hartu dute, bederatzi taldetan banatuta. Lasarte-Oriako bi ordezkari, Arkaitz eta Lier, aritu dira gaur. 

Iaz eskualdeka aurrera eraman bazuten ere, aurten egitura aldatu diote eta finala egun eta herri bakarrean jokatuko dute: Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunean, apirilak 28, Aretxabaletan.