Amaia Calvok (Lasarte-Oria, 1984) 2012an atera zuen epaile titulua, orduan gimnastika erritmikoko entrenatzaile modura ari zen eta kirolaren gainean gehiago jakiteko eta araudiarekin egunean egoteko asmoz egin zuen.
Kirolaz bestelako lana eta familia duenez, Euskadi mailako probetan bakarrik epaitzen du: "Ezin naiz astebururu batetik bestera ibili. Gure jardunaldiak luzeak dira, goizeko 10:00ak aldera hasi eta gaueko 21:00ak arte batzuetan. Eta lekutik mugitu gabe egon behar duzu".
Lan zaila dela eta lehen proba puntuatu zuenetik urteak igaro badira ere, lehiaketa bakoitzean urduritasuna nabari duela onartu du: "Zure lana ongi egin nahi duzu eta akatsik ez egin".
Gainera, gimnastika erritmikoko epaileek etenbako trebakuntza dutela azpimarratu du: "Lau urtero titulua berritzeko azterketa egin behar dugu. Ez dakit beste kiroletan horrela izaten den edo ez. Baina gurean, joko olinpiko batzuen ostean, araudi aldaketa dago eta eguneratua egon behar duzu. Gainera, federazio ezberdinetako zirkularrak iristen dira ia astero eta horiek ere aztertu eta barneratu behar dituzu".
Hala ere, gustuko duen lana da eta kirolariak edo zaleak animatzen ditu epaile pausoa ematera: "Lehiaketa bakoitzean hamasei bat epaile behar dira eta beti dago falta".