Nerea Armendariz: "Kirol bat jokatuz baino askoz gauza gehiago ikasten direla uste dut, ikuspegi desberdinak ikus baitaitezke"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko martxoaren 8a

Arg.: Nerea Armendariz

Saskibaloi epailea

Nerea Armendariz (Lasarte-Oria, 2004) txikitatik aritu da saskibaloian jokatzen. Ikasketak direla eta, entrenamendu saioetara kale egin behar zuenez, epaile izatea erabaki zuen: "Oso gustuko dudan kirolari lotuta jarraitzeko modu bat da". Etorkizunean jokalari izatera itzultzeko esperantza du eta bi gauzak uztartu ahal izatea.

Astebururo Gipuzkoa mailan infantiletik senior mailarako bost neurketa zuzentzen ditu berak bakarrik: Talde asko eta epaile gutxi daude".

Araudi aldetik saskibaloia kirol erraza eta zehatza dela uste du, baina bestelako arrazoiek epaiketa zaildu egiten dutela: "Neurketa epaitzea ez da erraza, are gutxiago partida aurrera eramaten laguntzen ez duten entrenatzaile eta jokalariak dituzunean. Hartzen dituzun erabaki guztiak kritikatzen dituzten pertsonak jasan behar dituzu". Eta adibide gisa, orain duela gutxi entrenatzaile batek partida osoa bera iraintzen eta aurkako taldeko jokalariak zirikatzen eman zuela onartu du. Jarrera horiek epaile gazte askok arbitrajea uztea ekartzen duela dio.

Hala ere, epaile lanak bere alde onak dituela uste du: "Kirol bat jokatuz baino askoz gauza gehiago ikasten direla uste dut, ikuspegi desberdinak ikus baitaitezke. Gainera, saskibaloiaren munduan nahiz kantxetatik kanpo laguntzeko prest dagoen jende asko ezagutzen da".  

Hori guztiaz gain, mundu guztia animatzen du noizbat arbitratzen saiatzera. "Gustatzen bazaizu, hobby berri bat aurkituko duzu, eta gustatzen ez bazaizu, ez da ezer gertatzen. Gauza berriak probatzea eta aurkitzea da kontua. Ziur nago ez direla damutuko probatu izanaz".