Garazi Gomez: "zure kirola ondo ikasi eta kontrolatu nahi baduzu, niretzat beharrezkoa da epaile izatera animatzea"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko martxoaren 8a

Arg.: Garazi Gomez.

Gimnastika erritmikoko epailea

Garazi Gomez (Donostia, 1993) LOKEko gimnasta ohia entrenatzaile lanetan hasi zenean arauak ondo ezagutzeko eta bere lanari etekin handiena ateratzeko epaile izatea zein garrantzitsua zen ohartu zen. 

Maila nazionalean puntuatzen du Gomezek, baina gimnasta internazionalen batek Espainiako torneoren batean parte hartzen badu ere epaitu dezakeela atxiki du. Hilabetearen eta denboraldiaren arabera, asteburuak besteak baino lasaiagoak ditu: "Asteburu askotan ez dago lehiaketarik; beste batzuetan, ordea, larunbat eta igande osoa puntuatzen igaro dezakezu". 

Gustuko duen lana den arren, zailtasunak daudela onartu du: "Zer puntuatzen den aldatzen den bakoitzean urduritasuna areagotzen da, lana ondo egin nahi duzulako". Baina gimnastikan bikoteka puntuatzen denez, arlo horretan bere esperientzia ona izan dela nabarmendu du: "Zerbait ikusi ezin izan baduzu edo despistatu egin bazara, bikoteak lagundu egiten dizu. Ni oraingoz pozik nago inorekin arazorik izan ez dudalako, gauza batekin ados ez gaudenean hitz egin eta akordio batera iristen gara".

Horregatik, kirolariak animatu nahi ditu pauso emateko: "zure kirola gustuko baduzu, eta ondo ikasi eta kontrolatu nahi baduzu, niretzat beharrezkoa da epaile izatera animatzea. Asko ikasten da, araudiarekin eguneratuta zaude eta kirola beste ikuspegi batetik begiratzen laguntzen du".