Nerea Rebollok (Lasarte-Oria, 2002) DBH4en Ostadarren jokatzen zuenean futbola gustuko zuela baina jokatzea bere pasioa ez zela nabaritu zuen. Bere zaletasunarekin jarraitzeko futbola beste ikuspuntu batetik bizitzea erabaki eta arbitro ikastaroa egin zuen: "Infantil mailan nengoela hasi nintzen arbitratzen eta asko gustatu zitzaidan". Kirola eta epaile lana uztartu zituen urte betez eta lehen batxilergoan ikasketetarako denbora gehiago behar zuenez, epaile bakarrik izatea erabaki zuen.
Astebururo bi partida arbitratzen ditu: larunbat arratsaldeetan nesken neurketak eta igande goizetan mutilenak: "Nesken mailan, federazioko 3. mailan epaile nagusi naiz eta 2. mailan laguntzaile modura nago. Mutiletan, berriz, Gorengo maila epaitu dezaket eta Ohorezko mailan laguntzaile. Bigarren mailan epaile nagusi izateko probak egiten ari naiz orain; Euskadiko bi bakarrik aukeratuko dituzte eta bakarra joango da Madrilera. Bertan ere beste erkidegoko ordezkariekin lehiatzen zara eta uste dut lauk bakarrik lortzen dutela igotzea".
Egun 22 urte ditu eta urte hauetan guztietan izan duen esperientzia positiboari esker jarraitzen du epaile lanetan. Arbitro lanak bestelako onurak ere ekarri dizkiola onartu du. "Epaile izateak heltzen laguntzen du. Astebururo konpromiso bat duzu eta %100a eman behar duzu horretan".
Rebollok jokalari zein ikusleak gonbidatzen ditu arbitro izatera: "Jokalariei epailean ikuspuntua ulertzeko balio die paper aldaketak eta ziur nago zaletuek ere gozatuko luketela lan hori egiten. Gainera, laguntzen duen beste kontu bat da, gaztea bazara behintzat, dirutxo bat lortu dezakezula".