Gizarte errespetutsuago batean bizitzeko ahaleginetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 7a, 11:59

Herriko gazteen artean errespetuzkoak ez diren jarrerak ugaritzen ari direla ikusirik, horiei aurre egin eta gizarte errespetutsuago bat helburu, prebentzio programak abiatuko ditu Lasarte-Oriako Udalak, herriko ikastetxeekin lankidetzan

Ikastetxeen arabera, eta, batez ere bertako ikasleen adina kontuan hartuta, ezberdinak izango dira aurrera eramango dituzten prebentzio programak. Hauek dira zentro bakoitzerako iragarri dituztenak: 

LANDABERRIN ETA SASOETA-ZUMABURUN

  • Bizikidetza osasuntsu baterako prestakuntza: Ikastetxeek eta udal departamentuek uste dute beharrezkoa dela gazteekin konfiantza, ezagutza eta ikuspegi kritikoa lantzea. Horrekin batera, konpromiso indibiduala, taldekoa eta komunitarioa lortu eta kideei modu fisiko, psikiko eta emozionalean kaltetu, horiek barregarri utzi, gutxietsi, edo mindu ditzaketen jarrera oro baztertzeko. Prozesu horretan, gaztean babestu eta laguntzea ere ezinbestekotzat jo dute alderdi guztiek. Gauzak horrela, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei zuzendutako prebentzio programa bat aurkeztu dute, eta honako gaiak jorratuko dituzte: homofobia, xenofobia, eskola jazarpena, sare sozialak eta konfiantza. Saioak ikastetxeetan bertan izango dira eta jolas eta jangela garaian aurrera eramango dituztela zehaztu dute arduradunek. 
  • Berdintasun eta indarkeriaaren prebentzioari buruzko prestakuntza: Haurren artean errespetuzkoak ez diren jarrerak ugaritu direla ikusita, eta horrek familia, hezitzaile eta arlo horietako profesionalengan sortu duen kezka medio, haur horien portaerak aldatzeko baliabideak ematea ezinbesteko dela urte dute ikastetxeek eta udalak. Horrekin batera, gizarte errespetutsuago batean elkarrekin bizitzeko ezagutza eta trebetasunak ematea ere beharrezko ikusi dute. Horrela, Lehen Hezkuntzako 4-5 eta 6. mailako ikasleei zuzendutako prebentzio programa bat aurkeztu dute, eta, honako gaiak jorratuko dituzte: sexismoan eragitea, desberdintasunetik berdintasunera heztea, sexualitatea eta hezkuntza afektibo-sexuala lantzea berdintasunean, indarkeria matxistaren prebentzioan eragitea eta detekzioa lantzea. Saioak ikastetxeetan bertan izango dira. 

ORIARTE LANDABERRI INSTITUTUA

  • Berdintasun eta indarkeriaren prebentzioari buruzko prestakuntza: Gazteen artean errespetuzkoak ez diren jarrerak ugaritu direla ikusita, eta horrek familia, hezitzaile eta arlo horietako profesionalengan sortu duen kezka medio, haur horien portaerak aldatzeko baliabideak ematea ezinbesteko dela urte dute ikastetxeek eta udalak. Horrekin batera, gizarte errespetutsuago batean elkarrekin bizitzeko ezagutza eta trebetasunak ematea ere beharrezko ikusi dute. Horrela, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1-2-3 eta 4. mailako ikasleei zuzendutako prebentzio programa bat aurkeztu dute, eta honako gaiak jorratuko dituzte: sexu genero sistemaren oinarriak ezagutzea, LGTBIQ+ kontzeptuak argitzea eta hainbat errealitate ikustaraztea, genero rolak identifikatzea, maskulinitateak ematen duen boterea ikusaraztea eta hura eraldatzeko tresnak eskaintzea, eta, neska gazteen ahalduntzea erraztea. 

Ikastetxe horretan bigarren programa bat aurrera eramango dutela iragarri du udalak, nahiz eta, ohartarazi duten horren aurkezpena irailean egingo dutela. Momentuz, aurreratu duen informazio bakarra da "aitzindaria" izango dela