Apirilaren 15era arte dute herriko familiek Oporrak Bakean-en izena emateko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 7a, 08:00

Iazko programan parte hartu zuten familia eta antolatzaileak, Porrotxekin, Pasaian.

'Uda bateko besarkada' lelopean, haur sahararrak familietan hartzeko Oporrak Bakean programa martxan jarri dute berriki eta Lasarte-Orian ere hasi dira egitasmoa prestatzen. Izena emateko azken eguna apirilaren 15a izango da.

Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeko kideak dira udala eta programaren antolatzaileekin elkarlanean dabiltzanak. Gogoratu dute iaz 8 urteko bi haur, Hasana eta Abdi, etorri zirela herriko pare bat familiaren etxeetara, udako oporraldia igarotzera. "Aurten kopuru hori handitu nahi dugu", adierazi du eragile horretako kide Tomax Arrutik. "Lasarte-Oria beti izan da oso herri eskuzabala eta sendiak animatu nahi ditugu abentura honetan parte hartzera". Zehaztu du Covid-19aren pandemiaren aurretik sei bat ume etortzen zirela uztailean gure herrira.

Oporrak Bakean egitasmorako beharrezkoak diren tramiteak egiteaz gain, taldeko kideak "adi" egongo dira, parte hartzen duten herritarrei "laguntza eta babesa" emateko. "Gure elkartearen, udalaren, familien eta haurren arteko talde lana da hau". 

Udako bi hilabete horietan zehar, 8 eta 12 urte arteko haurrak Saharako udako baldintza gogorretatik aldentzeaz gain, beraien elikadura eta osasuna hobetzen dute eta osasun azterketak egiten dizkiete, besteak beste. Herrialde horretako gatazka politikoa ahaztu, sasoia indartu eta beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen diete.

Iaz, Ttakun Kultur Elkarteko Udako Txokoetan parte hartu zuten begirale baten laguntzarekin eta igeriketa ikastaro bat egin zuten uztailan zehar. Beste herrietara etorri diren sahararrekin hondartza eta igerilekuetan bainatzeko geratzen ziren eta festez gozatzeko aukera ere izan zuten, besteak beste. Aurtengo udako prestaketa lanekin hasiak dira dagoeneko.

“Askotan, uste dugu haurrak etxean jasoko dituztenek erakutsi eta irakatsiko dietela guztia, baina gero jabetzen dira alderantziz ere badela, beraiek asko ematen digutela”, esan du Arrutik. Gainera, haurrak hemen egon bitartean, haien familiekin harremana izan dute, telefono zein bideo deien bitartez eta "asko" laguntzen die horrek.

Uda honetan saharar haur baten harrera familia izan nahi dutenek elkartearekin harremanetan jartzeko bide hauek dituzte: www.oporrakbakean.eus webgunea, oporrakbakean@gmail.com helbide elektronikoa edota 696 01 47 86 telefonoa. Apirilaren 15a da izena emateko azken eguna.

Aste Santuaren ondoren, animatu diren herriko familiekin eta zalantzan daudenekin bilera bat egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek.