Herritarrek maila ederra erakutsi dute hitzordu ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko martxoaren 6a

Ezkerrean, Eider Redondo Valentzian. Eskuinean, Jose Ramon Latorre, dominarekin. Arg.: Ostadar Atletismoa / C. Atl. Rentería

Herriko atletek Espainiako bi txapelketei egin diete aurre hilaren 2an eta 3an master zein 16 urtez azpikoari hain zuzen. Donostiako Antonio Elorza belodromoan jokatu da lehena eta Atletico Renteriako Jose Ramon Latorre herritarrak brontzezko domina jantzi du; Ostadar SKTko Eider Redondo gazteak, aldiz, zortzigarren amaitu du maila horretako bere lehen txapelketa. Errepidean zein mendian ere izan dira herritarrak lehian eta Bolonian bigarren postua eskuratu du Aloña Mendiko Jon Presa herritarrak

Master edo beterano mailako txapelketan Errenteriako taldeko kide diren bi herritar izan ziren lehian: Latorre eta Mari Carmen Olaso. 

Latorrek M45 kategoriako 60 metroko lasterketan parte hartu zuen. Hirugarren sailkapen saioan garaile (07,42) izan eta podiumeko hirugarren mailara igotzeko, finalean ehuneko batzuk ondu zuen (07,37) marka.

Olaso, berriz, distantzia luzeei aurre egin zien eta 3000 zein 1500 metroko F55 lasterketetan finalista izan zen.

Finalean lehiatu

16 urtez azpiko txapelketa, berriz, Valentzian izan zen eta bertara egin zuen bidaia Ostadar SKTko Eider Redondo gazteak. Luzea jauziko proban parte hartu zuen talde urdin-beltzeko kideak eta zortziko finalera sailkatzea lortu zuen 5,15 metroko jauziarekin. Ezin izan zuen marka hori gainditu, baina Ostadar SKTko arduradunak pozarren daude gazteak lortutako emaitzarekin.

Zilarra Bolonian

Boloniako Maratoia lehiatu zen hilaren 3an, Italiako herrian. Proba horrekin batera 30 km., maratoi erdia eta bost km. probak ere jokatzen dira eta aurten herritar bat izan da bertan lehian, Aloña Mendiko kide Jon Presa. 

21 kilometroko lehiari egin zion aurre Lasarte-Oriako ordezkariak eta podiumeko bigarren mailara igo zen. Helmuga igarotzen lehena Francesco Mariani italiarra izan zen (01.08.17) eta ia bi minutura iritsi zen Aloña Mendi elkarteko herritarra (01.10.12).

Beste probatan ere izan ziren herritarrak lehian, hala nola, Aiako XIII. Mendi lasterketan edo UZ Trailen. Azken horretako 23 kilometroko proban lehen hogeita bost sailkatuen artean egon ziren Borja eta Ivan Granado Macazaga anaiak; biak batera iritsi ziren helmugara (02.30.06).