Ildo horretatik, Mateosek uste du "poztekoa" dela lasarteoriatarrek sortzen duten errefus kopurua "batez bestekoaren azpitik" egotea: pertsonako 940 gramo. "Bi urtetik hona jaisten ari da adierazle hori eta horrela jarraitzea nahi dugu". Datu hori gero eta apalagoa izatea nahi du udalak, eta, birziklatze tasarena berriz, handiagoa. Gaur egun hondakinen erdiak ere ez ditu gaika biltzen udalak (%48,3), nahiz eta urtebetean portzentajea hiru puntu igo den. "Iazko martxotik ekainera bitartean egindako kanpainak izan du eragin gehien, hilabeteren batean %50eko langa gaindituta; maiatzean, adibidez, %51,4".
Iazko maiatzean erdietsitako portzentaje hori ez litzateke aski izango Europatik datozen zuzentarauek nahiz Lurzoru Kutsatuei buruzko 7/2022 legeak ezartzen duena betetzeko: 2025erako hondakinen %55 jaso beharko du udalak gaika; 2030ean, %60; eta, bost urte geroago, bost puntu gehiago. Helburu hori erdiesteko bidean lan egiten jarraitzeko asmoa azaldu dute udal ordezkariek, eta uste dute "lorgarria" dela zifra horietara iristea.
Txartela edo aplikazioa
Edukiontzi grisa irekitzeko bi modu dituzte herritarrek. Horietako bat, iaz euren etxeetan jaso zuten txartel elektronikoa erabiltzea, eta, bestea, tresna horrek duen QR kodea sakelako telefonoarekin eskaneatu eta Ireki izeneko aplikazioa deskargatzea. Hori eginda, kontainerraren sarraila gailu elektroniko horren bitartez desblokeatuko dute erabiltzaileek, txartel fisikoa erabili beharrik gabe.
Egoera berri horretara ohitzen laguntze aldera, Mateosek azaldu du zenbait informazio olana jarriko dituztela gune hauetan: Adarra, Ola kalea, Zirkuitu ibilbidea (tenis pista parean), Hipodromoa (Jalgi kafe antzoki inguruan) eta Goikalen (haurrentzako parkearen mailan).
Errefusa ez ezik, hondakin organikoak izan dituzte hizpide Valdiviak eta Mateosek. Azpimarratu dute "oso pozik" daudela mota horretako zaborraren kalitatearekin, "araztasunaren karakterizazioa" deritzona gero eta gertuago dagoelako %100eko portzentajetik: %96,14koa izan zen 2018an, eta, hiru urte geroago, %99,59koa.
