'Gazteen Eskutik' topaketak aurkeztu dizkiete herritarrei

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 5a, 12:39

Xirimirin bildu ditu herritarrak Lasarte-Oriako Ernai gazte antolakundeak. Zenbait gai aurkeztu dizkiete bertan bildutakoei, horien artean hilaren 29tik 31ra Lezon aurrera eramango den 'Gazteon Eskutik' dinamika

Ernairen dinamika politiko propioa zein izango den azalduz ekin zioten hitzorduari Lasarte-Oriako Ernai gazte antolakundeko kideek. Lehenik eta behin, azaldu zituzten antolakundearen aurrera begirako helburu nagusiak zeintzuk diren: gazteen bizi baldintzen gaineko eztabaida zabaltzea eta horrek gizartean eragitea; borroka ideologikoa eginez gazteria horren baitan politizatzea, ikusten baitute gaur egungo markoan geroz eta despolitizatuagoa dagoela gazteria; gazte mugimendua indartzea, gazte mugimendu hori baldintza sortzaile gisa ulertzeko; eta, Ernai bihurtzea bizi baldintza duinak lortzeko agente. Azpimarratu zuten, gainera, hori guztia ulertuko litzatekeela Euskal Herriko markoan eta horrekin lortu nahi dutena sistemaren inpugnazioa dela: "Ez gaude ados gaur egungo egoerarekin". 

Ernairen proposamen programatikoaren gaineko azalpenak eman zituzten gero; orain bizpahiru aste argitaratu zuen hori gazte antolakundeak. Kontatu zuten bertan aztertzen direla "krisi neoliberal honetan" dauden puntu batzuk zeitzuk zeharka ala zuzenki gazte guztiei eragiten dieten. Hauek dira: osasun mentala, Euskal Hezkuntza Sistema Publikoa, bizi ereduak; etxebizitza; enplegua; zaintza; trantsizio ekolosoziala eta, azkena, eskubide zibil eta politikoak. 

Gaineratu zuten Ernaik proposamen horrekin egin duena dela puntu horietako bakoitzaren testuingurua ulertarazi, adibideak jarriz, hala nola, osasun mentala adibidetzat hartuz,  aztertu dute horren egoera nolakoa den, nola eragiten dien gazteei eta arazo horren aurrean zenbait alternatiba proposatzen ditu. Gauza bera egin dute beste sei gaiekin ere. 

'Gazteon Eskutik' topaketak

Azkenik, amaitzeko, Gazteon Eskutik dinamikaren berri eman zuten. Jakinarazi dute hilaren 29tik 31ra aurrera eramango dutela, Lezon. Urtero bezala, Aberri Eguna ardatz hartuta egingo duten ekimena izango dela nabarmendu zuten, eta ohi bezala, bi gaueko dinamika izango da. Gazteak aktibatzea, bizi baldintza duinen alde egitea eta sozializatzea izango dira dinamikaren xedeetako batzuk.

Hitzaldiak, kontzertuak eta bestelako hainbat jarduera iragarri dituzte, eta bertaratu nahi dutenek sarrerak erosi beharko dituztela ohartarazi dute. Gainera, Gazteon Eskutik izena hartuko duen arren,gazteei ez ezik, adin guztietako publikoari zabalik dagoen ekintza bat izango dela azpimarratu dute. Horrela, amaitu aurretik herritar oro deitu dute ekintza horretan parte hartzera. Autobusak antolatuko dituztela jakinarazi dute, eta, azken egunean, hilaren 31n, Aberri Egunera joan nahi dutenentzat ere aukera hori (kasu horretan doakoa) izango dela ziurtatu dute.