Mendian orientatzen irakatsi die Joxepo Artolak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko martxoaren 1a

Lasarte-Oria Trail taldeak antolatuta, istripua izan edo galduz gero mendian nola bideratu irakatsi die DYAko Joxe Luis Artolak. Mertzero gunean batu diren hamabost bat lagunei IGN aplikazioaren berri eman die. Alde teorikoa gainbegiratuta, praktikoari eman dio garrantzia handiagoa. 

IGN aplikazioa "GPS sistema ezinhobea" dela zehaztu du Artolak. Abantailetako bat estaldurarik gabe ere erabil daitekeela da, nahiz eta egoera horretan egin daitekeena mugatua izan. Aldez aurretik hartutako mapak eta ibilbideak, esaterako, ikus daitezke.

Nola erabili azaldu die lehenik, irteetako kokalekua zehaztu eta ibilbide bat nola markatu, adibidez, kontrako norabidean bueltatzeko baliagarria izan daitekeena. Halaber, ibilbideak ikusi eta txangoak planifikatzeko ere balio du. "Dagoen topografia onena du" aplikazioak, baina mapak irakurtzen jakin behar da. Koordenada sistemen artean UTM aukeratzea gomendatu die, hori baita ohikoena. 

Teoriarekin amaituta, praktikara eraman dute kontatutakoa. Android sistemarentzat egokiagoa denez, halako sakelakorik ez zutenei tabletak utzi dizkie. Batera edo bestera, probatzen joan dira, zalantzak ager zitezen. Horiek denak azaltzen ahalegindu da hizlaria, eta aldi berean, bakoitzaren bizipenak ere partekatu dituzte. "Denok galdu gara", laburbildu du.