Zimurtasuna duen papera, ikatz ziria eta koloretako arkatzak hartuta, aurpegiak marraztea maite du Nere Tejeria Iriarte (Lasarte-Oria, 1978) herritarrak. Horrela sortu ditu Jalgi kafe antzokian erakusgai jarri dituen 11 artelanak. Horiei, ordea, normalean bere marrazkiei egiten ez dizkien eraldaketa batzuk egin dizkie erakusgai jartzeko, eta lan horietara ohituta ez dagoen arren, egindakoak merezi izan duela iritzita, oso pozik agertu da egilea. Ez du aurrerago beste erakusketa bat egingo duenik baztertzen, nahiz eta argi duen, lehen esperientziarako hartu duen lana ez duela berriz errepikatuko. Inproaurpegiak erakusketaz hitz egin dio TXINTXARRI aldizkariari.
Nolatan sortu zaizu erakusketa martxan jartzeko aukera?
Egunero marrazten dut, edo saiatzen naiz, behintzat, marrazketari tartetxo bat eskaintzen. Udan ebakuntza bat egin zidaten, eta bi hilabetez bajan egon nintzenez, inoiz baino gehiago marraztu nuen eta egindako lan horiek guztiak pilatu zitzaizkidan. Ingurukoei erakutsi eta gustuko zituztela adieraztearekin batera, erakusketa egitera animatu ninduten. Nik, hasiera batean ez nuen egindako lanak erakusteko inolako asmorik, baina, behin, Jalgi kafe antzokian nengoela, bertako paretei begira jarri eta irudikatu nituen nire lanak horietan eskegita.
Zer ikus dezakete 'Inproaurpegiak' ikustera doazenek?
Inprobisatutako 11 aurpegi; hortik dator erakusketaren izena: Inproaurpegiak. Horiek marrazten ditut, ez bereziki horiek egin nahi ditudalako, baizik eta horiek marraztea delako naturalki sortzen zaidana. Haurra nintzenetik atentzioa eman didate aurpegiek; beti pentsatu izan dut denok bi begi, sudur eta aho bana eta bi belarri izanagatik, ez daudela berdinak diren bi aurpegi. Marrazketan ere gauza bera gertatzen da; ezinezkoa da bi berdin egitea.
Nire marrazkiak, gainera, normalean ordena berean egin ohi ditut; begiekin hasi, sudurra gero… Hori bai, bereziki inolako arte diziplina konkreturik jarraitu gabe. Sare sozialetan-eta jarraitzen ditut artistak eta begiratzen dut jendeak egiten dituen lanak, eta, agian, horiengandik nolabaiteko eragina izan dezakete nire lanek, baina libreki, ateratzen zaidana marrazten dut nik.
Nola sortu dituzu lan horiek guztiak?
Nik egiten ditudan marrazkiak ez dira perfektuak, ez dut hori bilatzen. Esbozoa gustuko dut, eskuak zikintzea, trazuak lantzea. Baina erakusketa aurrera eramango nuela erabaki nuenean, ez nituen besterik gabe egindako lanak pintza batzuekin zintzilik jarri nahi, zerbait landuagoa izan zedin nahi nuen. Eta hemen hasi zen nire buruhaustea.
Zergatik?
Ez nekielako, erakusketara begira, marrazkiak nola osatu. Horregatik, lagun bati, Blami-ri laguntza eskatu nion; Lasarte-Oriako artista bat da. Hark esan zidan lehen gauza izan zen marrazkiak markoetan jarri behar nituela, argi ikusten zuela hori. Hori hala izanik, zaborretatik eskuratutako pila bat oparitu zizkidan; denetarik zegoen, handiak, txikiak, grapadunak, zikinak… Horiek garbitu, txukundu, prestatu eta argitasun apur bat ikusten hasi nintzen, konturatu bainintzen markoetan jarrita asko irabazten zutela marrazkiek.
Eta nolakoa izan da prozesuaren zati hori?
Bada, emaitzarekin oso pozik nagoen arren, horra iritsi arteko bidea gogorra izan da; erditze baten antzekoa izan dela iruditzen zait. Buruhausteak izan ditut. Marraztuta nituen marrazkiak moldatu behar izan ditut tamaina ezberdinetara, adibidez. Jalgin argi asko dago, eta hori hala izanik, errotulagailuak ohi baino gehiago erabili behar izan ditut.
Moldaketa horiek egin aurretik ziren marrazkiak gehiago gustatzen zitzaizkidan niri, nahiz eta, arestian esan bezala, emaitzarekin oso gustura nagoen, ez zait azken emaitza hain perfektua izatea gustatzen.
Jalgin dauden lan horiek normalean ez ditut egiten, nik marrazkiak soilik egiten ditut. Erakusgai jarri ditudan lan horietan, marrazketa lanaz gain eskulanak egin ditut, eta hori, normalean ez dut egiten. Izugarrizko lana izan da; marrazkiak lasai, buruhausterik gabe egiten ditut, baina benetako lana horiek erakusketarako moldatzea izan da niretzat. Lan honetan ezinbestekoa izan den nire ama ere aipatu nahiko nuke; hor egon da, nire ondoan, ahal izan duen guztian lagundu dit.
"Ikatz ziria erabiltzea oso gustuko dut; eskuak zikindu eta itzalak egitea"
Zein material erabili duzu egindako marrazki horiek osatzeko?
Etxean neukanarekin hasi nintzen probak egiten, zamau-babesekin, besteak beste. Proba horiekin gustura sentitzen nintzenean, erabilitako material hori erosi dut, eta horrela joan naiz, poliki-poliki, marrazki bakoitza moldatu eta osatzen.
Eta marrazkiak sortzeko?
Lehenik eta behin, ikatz ziria, oso gustuko dut; esan dudan bezala, eskuak zikintzea gustatzen zait eta itzal asko egitea ere bai. Horrez gain, koloretako arkatzak erabiltzea ere izugarri maite dut, horiekin leun-leun margotu eta bata bestearekin nahastea. Koloreen erabilera gehiegi pentsatu gabe egiten dut. Arkatza guztiei punta ondo zorrozten diet, eta martxaren arabera erabiltzen dut bata ala bestea, nahiz eta egia den, beti dagoela intentzionalitate puntu bat.
Papera ere oso garrantzitsua da akaberarako. Nik, adibidez, idazteko erabili ohi ditugu orri zuri horietan ez dut koloretako arkatzekin lortzen dudan efektu hori eskuratzen, zimurtasuna duen papera erabili behar dut horretarako.
Eta azken emaitzarekin gustura?
Bai, oso. Egia da, pieza bakoitzari amaiera ematea ere zaila izan dela. Horregatik, erakusketa muntatu bezperan, amaren etxera eraman nituen lan guztiak. Nire etxea tailer bat izan da hiru hilabetez, eta lanak hor ikusteak sorrarazten zidan amaiera ezin eman ahal izatea; beti ikusten nuen gehitu edo egin beharreko beste zerbait.
Eta behin erakusketa muntatuta ere, beste sentsazio bat da. Ez da gauza bera etxean, eskegi gabe, orokortasunean ikusteko aukerarik izan gabe erakusketa nolakoa izango den irudikatzea, edo Jalgin ikustea. Beldurra ere ematen zidan ekimena aurrera eramateak, lotsa ere bai. Seguru sentitu naiz, baina segurtasun eza ere sentitu dut. Orain, ordea, gainditu ditut sentimendu horiek guztiak lortu dudan emaitza ikusita; oso pozik nago.
Ikusgai egoteaz gain, salgai ere badaude.
Nire asmoa ez da lan horiekin dirua egitea, baina proiektua aurrera eramateak nolabaiteko gastua izan duenez salneurri nahiko xumea ezarrita salgai jarri ditut. 11 piezetatik bederatzi salduta daude.
Pozgarria izango da hori ere zuretzat, ezta?
Alde batetik pozik nago, bai, baina beste alde batetik, sorrarazi dit bestelako sentimendu bat ere. Izan ere, erosleetako batzuk azken emaitza ikusi gabe, hau da hasierako marrazkia ikusita egin dute erosketa. Horrekin, badut sentsazioa, egiten dudana gustuko duten arren, batzuek gertukoa naizelako ere erosi didatela. Egiten dudana babesteko modu bat izan daiteke, eta hori eskertzeko da, baina niri gustatuko litzaidake horiek Jalgira etorri, lanak ikusi eta nolabait esateagatik nire lanetakoren batekin maitemindu direlako erostea. Jalgiko Anak ere esaten dit jendeak galdetu diola, eta horrek ere poza ematen dit. Hori bai, guzti-guztiekin oso eskertua nago.
Lanak herrian, nolabait ezaguna izan naitekeen eremuan erakusteak ere ahalbidetu dezake jarrera hori, baina hori saihesteko, ezezaguna naizen beste herri edo lekuren batean erakutsi beharko nituzke lanak, hor ikusiko nuke erantzuna bera den hala bestelakoa.
Noiz arte izango dute lasarteoriatarrek ikustera joateko aukera?
Hilaren 10a izango da bisitatzeko azken eguna eta hurrengo egunean kenduko dut.