Kartel guztiek bai ala bai izan behar dute honako goiburu hau, lanean inprimatuta: San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2024. Egileek bermatu egin beharko dute "irudien erabilera ez sexista", Alonsok zehaztu duenez. "Emakume eta gizonen presentzia ez bada orekatua eta estereotipo tradizionalen bat nabarmetzen badute, lehiaketatik kanporatuko ditugu hori egiten duten partaideak". Afixak egiteko teknika "erabat librea" dela azpimarratu du eta parte hartzaileek fisikoki nahiz digitalki bidal dezaketela sortutakoa, ezaugarri hauekin: JPG formatua, 50x70 zentimetroko neurria eta 300 pixel hazbeteko. Lanak jaso ostean, irabazlea nor den erabakiko du Festak sailak eta zenbait herritarrek osatutako epaimahaiak. Saridunak 600 euro poltsikoratuko ditu (kopuru horri indarrean dagoen legediaren araberako PFEZ zerga aplikatuko diote).
Alonsok eta Valdiviak herritar guztiak animatu dituzte lehiaketan parte hartzera eta baita "kanpoko jendea" ere, Espainiar Estatutik datozen gero eta lan gehiago jasotzen baitituzte. Iazko txapelketan 67 kartelen artean aukeratu behar izan zuten Festak sailak eta epaimahaiak; aurten "are lan gehiago" izatea espero dute.