"Egia, aitortza, justizia eta erreparazioa" eskatu ditu EH Bilduk Argi Iturralde, Iñaki Balerdi eta dispertsio politikaren biktima guztientzat

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 29a, 09:00

Aitortza ekitaldia egin zuen bart iluntzean Lasarte-Oriako EH Bilduk, duela 21 urte auto istripuz hil ziren Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi herritarrak oroitzeko. Euren senide Juankar Balerdi bisitatzera zihoazen Almeriako espetxera ezbehar hori gertatu zenean. Espainiar Estatuaren "mendekua" izan den dispertsio politikaren eraginez gertatu zela adierazi dute, eta baita euskal presoen beste hamalau ahaide eta lagunen heriotzak ere. 

"Argi, Iñaki eta istripu horretan larriki zauritu zen Joxe Balerdi Espainiar Estatuaren erabaki politiko batek jarri zituen errepidean; horrek behartu zituen urte luzez kilometroak eta kilometroak egitera, babesgabetasun egoera larri batera kondenatuta", kritikatu du EH Bilduk. "Dispertsio politika indarrean mantendu duen denbora horretan guztian ondorio ugari ekarri dizkie presoen familiako eta adiskideei: gastu ekonomikoak, nekea, sufrimendua eta istripuak. Eurak ere, kondenatuak izan gabe, zigortuak izan dira".

Testuinguru horretan, alderdiak "egia, aitortza, erreparazioa eta justizia" eskatu ditu Argi Iturralde, Iñaki Balerdirentzat, "euskal gatazka politikoaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten gainerako biktima guztiek bezalaxe". Gogoan izan dituzte, bereziki, bi herritar horiez gain errepideetan hildako beste hamalau pertsonak. "Heldu da garaia hamasei biktima horien eskubide urraketa aitortzeko, gizarte modura beharrezko hausnarketa eginda, sentsibilitate guztiak errespetatuta eta biktima batzuk eta besteak alderatzeko ariketak ekidinda". Horren harira, koalizio subiranistak uste du heldu dela "ausartak" izateko eta dispertsioaren ondorioak pairatu dituztenak aitortzeko legezko mekanismoak abian jartzeko garaia. 

Salbuespenezko espetxe politikak

Gaur-gaurkoz urruntzea bukatu eta euskal preso denak Euskal Herriko kartzeletan egonagatik, EH Bilduk gogoratu du indarrean jarraitzen duela salbuespenezko espetxe politikak. "Horiek desagertzea beharrezkoa da. Ez dira pribilegioak, legedia arrunta baizik. Askatasunik gabeko pertsonei dagokien eskubideak bermatu behar zaizkie".

Ildo horretatik, Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialei dei egin die, euskal presoen etxera itzultzeko ibilbidea erraztu dezaten. "Erabaki politiko ausart eta zuzenak eskatzen ditu horrek; pertsona guztiak beren eskubideen jabe direla bermatuta soilik izango da posible elkarbizitza eraikitzea".

Ekitaldia amaitu aurretik, EH Bildukoek gogorarazi dute igandean Teresategi mendira igoko direla, Iturralde eta Balerdiri omenaldia egitera. Zutabeetako bat Okendotik bertatik abiatuko da 11:00etan, eta, bestea, Zabaletatik, 11:15ean. Tontorretik jaitsitakoan hamaiketakoa egingo dute auzo horretan.