Boleibol taldeek etxean sendo jokatu zuten

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 28a

Boleibol zaletuek hainbat partidaz gozatzeko aukera izan zuten otsailaren 24-25 asteburuan, Maialen Chourraut kiroldegian. Aldeko emaitzak eskuratu zituzten talde gehienek etxean; kanpoan ez talde urdin-beltzek ez zuten zorterik izan

Larunbata eguerdian, bi talde atera ziren Maialen Chourraut kiroldegiko kantxara, infantil A taldea eta kadetea. Aldi berean lehiatu zituzten euren neurketak kantxa banatuta, infantilak Zarauzko Lizardi Bi izan zuen aurkari; kadeteak Altza. Etxeko zaletuen animoek bultzatuta, bi neurketetan garaipena erdietsi zuten etxeko taldeek emaitza berarekin 3-0. Infantilak gainera nagusitasunez eskuratu zuen garaipena; 25-6, 25-2 eta 25-8.

Arratsaldean, Euskal Ligako II. mailako taldearen txanda izan zen; Gasteizko IKA Ekialdearen aurka neurtu zituen indarrak eta 1-3 galdu. Ederki borrokatu ziren bi taldeak eta talde urdin-beltzak lehen seta eskuratu (25-22) arren, gasteiztarrek itzulia eman zioten norgehiagokari (16-25, 23-25 eta 21-25).

Eta igandean, Gipuzkoako ligako senior taldeak Toloboleiren bisita jaso zuen. Seniorrak fin jardun ziren eta 3-0 gailendu ziren. 

Kanpoan ezin

Etxetik kanpo bestelakoa izan zen egoera. Sestao, Aretxabaleta eta Hernanin aurkaria izan zen garaile.

Euskal Ligako taldeak Sestaon izan zuen partida. Ostadarrek ongi egin zion aurre etxeko taldeari, baina ezin izan zuen setik eskuratu. Sestao 3-0 (25-15, 15-18 eta 15-13) gailendu zen.

Jubenil taldeak Aretxabaletan jokatu zuen Arizmendi Aren aurka. Talde urdin-beltza 1-2 aurretik jarri arren, etxeko taldeak bina berdindu eta bosgarren setean 15-9 gailendu zen.

Infantil mailako B taldeak, aldiz, etxe ondoan jokatu zuen hitzordua, Hernanin eta bertako bigarren taldea izan zuen aurrez aurre. Hernaniarrek euren balio erakutsi eta 3-0 irabazi zuten (25-17, 25-5 eta 25-14).