Etxeko taldea nagusi izan zen hasieratik eta aurkariak erasoak gelditzen saiatu arren, ezin izan zuen ezer egin; Goxokis Goxua 9-2 gailendu zen.
Bigarren postuan amaitu dute Eguzkiko kadeteek denboraldiko lehen zatia. Horri esker Gipuzkoako txapelketan aurrera egingo du Lasarte-Oriako taldeak. Bost talde izango dira lehian eta itzuli bakarreko liga jokatuko dute. Lehen lau sailkatuek lehiaketako finalaurrekoei egingo diete aurre eta lehen biek, gainera, Euskadiko kopa lehiatuko dute Araba eta Bizkaiko ordezkarien aurka.
Partidaz partida
Taldeko prestatzaile Gorka Redondok azaldutakoaren arabera, Lauburu Ibarra A taldea da faboritoa lehen postua eskuratzeko eta beste hiru talderen artean –Eguzki Goxokis Goxua, Erain eta Antiguoko KE Carpinteria– erabakiko da bigarren postua: "Neurketa bakarrera edozer gauza gerta daiteke. Aurten ez dugu Erain gainditu; bi neurketetan berdinketa erdietsi genuen. Antiguokoren aurka partida bat irabazi eta bestea berdindu genuen. Beraz, partidaz partida joan beharko gara".
Hala ere, urteko helburua bete dutela nabarmendu du talde hori-beltzeko arduradunak: "Taldeak lehen urtea du maila honetan, ongi moldatu gara eta fase erregularra bigarren amaitu dugu".
Martxoko lehen asteburuan atseden izango du taldeak eta hurrengoan Erain izango du aurrez aurre.
Gainerako emaitzak
Denetariko emaitzak izan ziren gainerako mailetan.
Gipuzkoako lehen mailan Arkupe Rehabilitaciones taldeak borroka gogorra izan zuen Mele Mele Samaniego Orixe Tolosala Tepp taldearen aurka eta hiruna berdindu zuen.
Hirugarren mailako Eguzki ISU Leihoak taldeak, aldiz, Benetazkoen aurka 7-2 galdu zuen. Jubenil taldeak Antigua Luberri 3-8 gainditu zuen eta infantil mailako taldea ere nagusi izan zen; Eskoriatza 4-9 gainditu zuen.