Errugbi eskoletako gazteek euren trebezia erakutsi zuten

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 27a, 15:00

Errugbiaren harrobia indartsu datorrela ikusi ahal izan zen otsailaren 25ean, Michelin kirol gunean. Eskola ezberdinetako gaztetxoek euren onena eman zuten

Beltzak RTko 10 eta 12 urtez azpiko gaztetxoek Zarautz RTko eskolako kideekin batera Hernani, Gaztedi eta Atletico San Sebastian taldeen aurka lehiatu ziren. Mele, plakaketa, korrikaldi, entsegu eta hirugarren denboraz ederki gozatu zuten gazteek. 

Egun bat lehenago, Euskal Ligako bigarren mailako taldeak Bilbora egin zuen bidaia. Universitario Bilbaoren aurka neurtu zituen indarrak. Etxeko taldea nagusi izan zen lehen zatian eta beltzek ezin izan zioten itzulia eman neurketari. Bilbotarrek 50-12 irabazi zuten.  

Euskadirekin jokoan

Valladoliden 16 urtez azpiko Euskadiko selekzioak Gaztela Leonen aurka jokatu zuen Erkidegoen arteko Espainiako Txapelketako (CESA) jardunaldia. 

Beltzak RTko harrobiko Eneko Sanchez eta Lander Zabala jokalariek norgehiagoka jokatu zuten; Sanchezek azken entsegua ere egin zuen. Ederki borrokatu eta 12 eta 7koarekin joan ziren atsedenaldira. Baina bigarren zatian Euskadiko gazteen lana ez zen nahikoa izan eta Gaztela Leonek 24-12 eraman zuen garaipena.