Urduritasuna baino, kuriositatea, oraingoz

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 27a, 11:00

Oria ibaia oso hazita dagoela-eta alerta laranja indarrean dagoela jakin bezain pronto herritar ugari hurbildu dira Hipodromo etorbideko zubira eta inguruetara, egoeraren bilakaera zein den ikusi eta udaltzainen eskutik informazioa jasotzera. Ibai inguruko garaje, trastero eta abarretatik ibilgailu eta bestelako tresnak atera dituzte bizilagun ugarik, badaezpada ere. Poliziek eta erreskate lanetan aritzen diren langileek TXINTXARRI-ri adierazi diotenez, ez dute aurreikusten uraren maila gehiago haziko denik, 14:00etarako aurreikusita dagoelako atertzea. Edonola ere, adi egoten jarraitzea gomendatu diete herritarrei.

"Aspaldian ez genuen Oria horrela ikusi", esan dio adineko gizon batek ondoan zuen lagunari. Bi horiek bezala beste hainbat herritar bertaratu dira Hipodromo etorbideko zubira egoera aztertu eta, zergatik ez, sakelako telefonoekin gero patxadaz ikusi edota familia, lagun eta ezagunekin partekatzeko edukiak argazkitu eta grabatzera. Oraingoz behintzat, kuriositatea gailendu zaio urduritasun eta kezkari. 

Edonola ere, bizilagun ugarik erabaki dute udalak gomendatutakoari jaramon egin eta ibaiaren ondoan aparkatuta zituzten autoak Okendo plaza atzealdean edota Isla plazan uztea, egoera baretu arte. Lan gehiena Juan XXIII plazako garajeetako erabiltzaileek izan dute, kanpoko kutxatiletatik ura sartzen hasi delako, oinak orkatiletaraino bustitzeko adina. Ibilgailuak mugitzeaz aparte, gune horretan trasteroak dituztenek lokal horiek nola dauden begiratzera joan dira. Bitartean, garajeko langileak ura drenatzen hasi dira tuboen bitartez.

Erribera kaleko lokal, tailer eta elkarteetan ez zegoen mugimendu gehigirik eguerdian, nahiz eta baten batek bere jabetzakoak diren tresnak (bizikletak, esate baterako) atera eta beste toki batera eraman dituen. 

Oria ibaia izaten ari da komunikabideen arretagune nagusietako bat eta kazetari nahiz kameralari bat baino gehiago bertaratu da zubira, irudiak hartu eta ibaira begira zeuden herritarrak elkarrizketatzera. Bertan zeuden baita ere udaltzainak eta erreskate brigadako langileak, eta, aldizkari honi esan diotenez, ez dute aurreikusten egoerak okerrera egingo duenik, iragarpenek diotelako 14:00etan atertu eta ibaiaren maila apurka-apurka jaisten hasiko dela. Dena den, gertatzen denari adi egoten segitzea aholkatu diete lasarteoriatarrei.

Erlazionatuak