Lasarte-Oriako xake jokalari gazteak lehian izan ziren

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 27a, 10:00

Antonio Mercero aretoa xake zaletu gaztez bete zen hilaren 23an. Lasarte-Oriako Eskolarteko Xake txapelketa lehiatu zen eta Beraun, Andoain, Donostia eta Lasarte-Oriako 32 xake jokalari bildu ziren bertan nor baino nor

Taulari eta erlojuari adi piezak mugitu, jokaldiak prestatu eta xake mate egiten saiatu ziren 9 eta 14 urte bitarteko gazteak. 

Bosna partida jokatu eta arratsalde ederra igaro zuten gaztetxo guztiek Taula Xake Klubak antolatutako ekimenean. Parte hartzeagatik domina ere eraman zuten etxera. Lasarte-Oriako ordezkariek emaitza ederrak izan zituzten. Guztien artean Daniel Vegas izan zen sailkapenean lehena, Diego Alonso hirugarren sailkatu zen, Amets Sanchez laugarren eta Mikel Manterola seigarren.

Postua mantendu

Egun bat geroago, ligako jardunaldia ere jokatu zuten Taula Xake Klubeko taldeek. Ongi egin zieten aurre aurkariei eta baliagarri diren puntuak eskuratu zituzten.

Villabonan izan zen Taula A taldea eta bertako D taldearen aurka 3,5-0,5 irabazi zuten. Puntu horiei esker, bigarren mailako lehen postuan mantentzen da taldea.

Taula B taldeak, aldiz, binako berdinketa eskuratu zuen etxean.