Azpiegituraren ezaugarri nabarmenena corten altzairuarekin egindako bi zubi berriak dira. "Atmosferaren korrosioak ez die eragingo eta zubi zaharrak zituen galibo arazoak saihestuko ditu. N-1 errepidearen lotune berri horren "garrantzi kualitatibo eta kuantitatiboa" azpimarratu ditu ahaldun nagusiak. "Probintzia mailan logistikaren gune neuralgiko bat da, Lasarte-Oriako industrialde, Zubietako ingurumen zentro edota Eskusaitzeko industria parkera sartzeko bidea emango duena".
Azken gune horri berebiziko inportantzia eman dio Mendozak, Naturklima erreferentzia zentroa eta MUBIL mugikortasun berriaren poloa daudelako bertan. "Etorkizuneko ekonomiaren eta lanpostuen aldeko apustu garrantzitsuak dira eta horietara joan ahal izateko azpiegutura seguru, moderno eta lehiakorrak behar ditugu".
Lanen "konplexutasuna"
Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxenak hartu du hitza ondoren, Allerrun egin dituzten lanen nondik norakoak azaltzeko. "Konplexutasun handikoak" izan direla adierazi du, pasabide garai bat ordezkatu eta 45 metro luze dituzten bi zubi jarri dituztelako, corten altzairuarekin egindakoak. "Gipuzkoa osoan ez dago ezaugarri hauek dituen beste biribilgune alturik".
Galibo berriak bost metro neurtzen dituenez, garraio berezi eta ibilgailu handienak "arazorik gabe" ibil daitezke N-1 errepideko eremu horretan.