Buruntzaldea IKTko infantilak, bikain Euskal Herriko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 26a

Infantil mailako Euskal Herriko txapelektan lehiatu diren igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Tolosako Usabal igerilekuan infantil mailako Euskal Herriko Neguko txapelketa jokatu zen otsaileko azken asteburuan. Buruntzaldea IKTko bost igerilari –Ibon Elola, Mario Amantegi, Amaiur Iparragirre, Iñaki García eta Oihan Matute– izan ziren lehian eta ederki jardun ziren

Bi urre, bederatzi zilar, hamalau marka ondu eta maila ezberdinetako Espainiako zein Euskal Herriko txapelketarako gutxienekoak egin zituzten gazteek

Igerilari bakoitzak bakarkako hiru probari egin zizkion aurre eta mutilek hiru errelebo saio ere egin zituzten. Maila ederrean egin zuten igeri eta podiumera igo ziren. Iñaki Garcia 15 urteko 50 m. eta 100 m. libre probetako txapeldun izan zen eta 200 metroko saioan bigarren; erreleboetan zilarrezko bi domina jantzi zituzten 4x100 m. libre eta 4x200 m. libre. Lehenean, gainera, euren marka ondu zuten 03.55,36, baita lau estiloko 4x100 metroetan ere, 04.31,15.

Buruntzaldea IKTko kideak podium ezberdinetan. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Bakarkako lehietan egindako marka berriak honakoak dira:

  • Ibon Elola 100 m. libre, 59,76.
  • Mario Amantegi 800 m. libre, 09.31,51 eta 400 m. libre 04.35,29.
  • Amaiur Iparragirre 100 m. lau estilo, 01.26,01 eta 100 m. libre, 01.11,38.
  • Iñaki Garcia 200 m. libre, 02.03,52; 100 m. libre, 55,41 eta 50 m. libre, 25,64.
  • Oihan Matute 200 m. bular, 02.45,74; 400 m. libre, 04.35,38, zein proba horretako 200 m. pasean, 02.17,13 eta 400 m. lau estilo 05.18,15.

Lortutako erregistro horiekin Garciak infantil mailako Espainiako txapelketarako bi gutxieneko berri gehitu ditu bere zerrendara, 50 m. eta 100 m. libre eta 200 m. libreko markarekin absolutu mailako Euskal Herriko txapelketarako sailkapena eskuratu du. Mario Amantegik 800 m. proban egindako lanari esker, euren mailako Euskal Herriko udako txapelketan izango da igerian.