Gipuzkoako Hockey Federazioko lehendakari Eli Yarza nahiz zuzendari tekniko Jon Kamio eta Lasarte-Oriako Udaleko Kirol zinegotzi Goizalde Pildain bertaratu dira hockey zelaira, datozen egunetarako antolatutako ekimenen berri ematera. Bigarrenak eman ditu horiei buruzko azalpenak. Batetik, ostegunetik igandera, 16 urtez azpiko txapelketa autonomiko bat aurrera eramango dute: hamar probintziaren arteko lehiaketa izango da emakumezkoena, eta 11 lurralderen artekoa gizonezkoena. "Txapelketa oso polita izango da, 500 kirolari inguruk parte hartuko dute". Egun osoan zehar (ostegunean eta larunbatean 09:00etan hasiko dira, eta, ostiralean, 10:00etan) jokatuko dituzte partidak eta ez dute sarrerarik kobratuko. Parte hartuko duen autonomia erkidegoetako bat izango da Euskadi. Bestetik, igande arratsaldean erakustaldi bat egingo dute Okendo plazan, 16:00etatik 19:00etara. Animatzen diren herritar guztiek aukera izango dute jokatu bitartean hockeya ezagutzeko. "Norbaiti gustatzen bazaio, aukera izango du talderen batean izena eman eta etxe ondoan duen zelaian jokatzeko". Kamiok iragarri duenez, Realaren maskota den Txurdin bertaratuko da, besteak beste.
Federazioko zuzendari teknikoak adierazi du "pozik" daudela, zelaia egiteko lanak amaitu zituztenetik belar hockeyak gero eta ikusgarritasun handiagoa duelako gure herrian. Ildo horretatik, herriko ikastetxeetako ikasleak txapelketako neurketak ikustera etorriko direla aurreratu du.