Aurreiritziak eta estereotipoak, kolokan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 24a, 21:56

Ados Teatroak Lagun beltz asko antzezlanaren emanaldia egin du larunbat iluntzean Manuel Lekuona kultur etxean. Desberdintasuna buruzko komedia beltz honek herritar ugariren jakin-mina piztu du. 

Xabi Luisen tabernara joango da, bere bikotekide Martarengandik 300 metrora egotea debekatua badu ere. Luisek hitzordu bat du eta lagunari joateko esango dio, nahiz eta honek ez dion jaramonik egingo. Halako batean, gizon batek laguntza eskatuko die kaletik. Tabernariak ez du nahi, baina Xabik atea irekiko dio. Ahal bezala azalduko die Bashir duela izena, afganiarra dela, maleta lapurtu diotela eta bertan zuela diru-zorroa; eta sakelakoa kargatzeko beharra duela Londresen dagoen alabarekin hitz egiteko. 

Hizkuntzaren mugak elkarren artean komunikatzeko  zailtasunak eragingo ditu eta estereotipoetan oinarritutako aurreiritziek nahasmena eragingo dute hiru pertsonaien artean; ezusteko amaiera batekin.

Kontaketaz gain, bi lagunek zenbait unetan gertatu denaren gogoeta egiten dute, istorioaren norabidea aurreratuz. Ezberdina denarekiko beldurra edo arbuioa ardatz du antzezlanak, barrea eta dramaren arteko orekan.

Erlazionatuak